Plataforma eta puzzle titulua prestatzen dabiltza. Urriaren 17an helduko da PCra eta Xbox Series kontsoletara.

Double Fine Productions estudioak eta Xbox Game Studios argitaletxeak Keeper aurkeztu dute. Itsasargi ibiltaria eta txori bitxia gidatuko ditugun abentura zoroak mundu magikoa bisitatzera eramango gaitu.

Hitzik erabiltzen ez duen istorioa kontatuko zaigu Keeperren. Aspaldi ahaztutako uharte batean hondatutako itsasargia aurkitzen da: sustrai magikoen bidez bizitza lortuko du eraikin zaharrak, txori xelebre batek eraitsi ondoren.

Hortik aurrera, hirugarren pertsonako plataforma eta puzzle abentura abiatuko da. Diotenez, nortasun desberdinak garatu beharko ditugu erronkak gainditzerako orduan... edo, gure botere misteriotsuei esker, ahalmen mutanteak eskuratu.

Gune ero bezain xarmagarriak zeharkatuko ditugu bikote are zoroagoarekin irlaren erdialderantza barneratzen gabiltzan heinean. Atal estetiko benetan berezia eratu dute Double Finekoek, koloreekin eta testurekin jokatuz. Ikusi beharreko joko horietako bat, alegia.

Ez dugu askorik itxaron beharko Keeperren unibertso erakargarrian murgiltzeko: urriaren 17an merkaturatuko dute Double Finekoek. Xbox Series kontsoletan nahiz PCan jokatu ahalko da.