PlayStation kontsoletan eta PC-aren kasuan, Epic Games Store saltokian estreinatuko da Ember Lab estudioaren lehen lana.

PlayStation 5 kontsolarekin batera iragarri zutenean zalen askoren arreta erakarri zuen, baina azken hilabeteetan albiste gutxi egon dira Kena: Bridge of Spirits akziozko abenturaren inguruan. Hori zuzentzeko trailerra prestatu dute Ember Labeko garatzaileek. Izan ere, bihar bertan estreinatuko da Pixar-en filmeak gogora ekartzen dituen atal estetikodun jokoa.

Esplorazioa eta borrokak bilduko ditu Kenak; The Legend of Zelda saga ezagunaren hiru dimentsioetako abenturen oinarriak jarraituko ditu. Ez da harritzekoa, estudioko kideak orain urte batzuk TLoZ: Majora’s Mask bikainari eskainitako animaziozko bideo batekin ezagunak egin baitziren.

Kena gaztea kontrolatuko dute jokalariek: bere herrixkaren eta lurraldeen suntsipena eragin duen misterioa argitu beharko du izpirituen gida honek. Horretarako ingurumenean eragiteko eta eraldatzeko hainbat abilezia berezi eskuratuko ditu, baina batez ere etsai beldurgarriak akatzeko bideak aurkitu beharko ditu neskak.

Guzti hori lortzeko Rot izeneko izpirituen laguntza izango du. Hauek bildu eta hazita botere berriak lortuko ditu protagonistak.

Esan bezala, Kena: Bridge of Spirits bihar merkaturatuko du Ember Labek. PlayStation 5ean zein PlayStation 4an jokatu ahalko da, baina baita PCan ere; kasu honetan Epic Games Store bidez erosi beharko da abentura.