Claymation erako atal grafikoa prestatzen dabiltza Authentic Remixes eta Fat Raccoon taldekoak. 2027an argitaratuko da PC, PlayStation eta Xbox gailuetan.
Acclaim argitaletxeak Kidbash: Super Legend berriz erakutsi du jokagarritasun trailer zinematikoarekin. Retro plataforma jokoak roguelike mekanikak gaineratuko ditu.
“Nostalgiaz betetako jokagarritasuna eta pertsonaiaz betetako istorio aberatsa” uztartzen omen ditu Authentic Remixes eta Fat Raccoon estudioak garatzen dabiltzan bideojokoak. Kidbash heroian bilakatuko dira jokalariak: ahaztuta geratu den bideojokoetako pertsonaia —jokoaren unibertsoan—. Amnesiarekin, Kidbashen oroitzapenak berreskuratzea eta O.D.D. munduan kokatzen den Mandala herrixka berreraikitzea izango dira bere helburuak.
2D jokagarritasunarekin, saltoka nahiz kolpeka ariko gara gure heroiarekin batera. Plataforma mekanikek indar handia hartuko dute, baina borroketan ere iaioak izan beharko gara. Bidea errazteko, lortzen ditugun armak batera ditzakegula azaldu dute egileek: Kirby 64ko botereen fusioak aipatzen dituzte inspirazio iturritzat, antzeko ahalmenak eskuratuta.
Horrez gain, partidetan eraldatzaileak aurkituko ditugu: armei denetariko botereak gaineratzeko erremintak, alegia. Indarra areagotzea, izotz puskak jaurtitzea, zapata hegalariak edo armadurak hausteko gai diren ahalmenak aurkituko edo erosiko ditugun bidean.
Maila bakoitzaren bukaeran Mega Man edo Alex Kidd mitikoetako buruzagiak gogora ekarriko dituzten etsai nagusi hilgarriak aurkituko ditugu. Hauek garaitzea ez da erraza izango, baina, porrotarekin, partida ez da guztiz bukatuko; Mandala herrixka hobetzeko baliabideekin are indartzaile gehiago desblokeatuko ditugu, datozen partidak erraztuta eta istorioa hedatuta.
Guztiarekin bukatzeko, jokoaren atal estetiko ederra nabarmentzekoa da: claymation teknika erabilita sortu dituzte pertsonaiak zein inguruneak, kutsu berezia nahiz klasikoa eskainita Kidbashi.
“Laster” ikusiko ei dugu, Acclaimen arabera: 2027rako prest edukitzea espero dute. Plataformak guztiz zehaztu gabe utzi dituzten arren, PCan eta PlayStationen zein Xboxen kaleratuko dela dakigu, Kidbash: Super Legend hauetan fitxak baititu dagoeneko.
Lander Unzueta
Iruzkinak