Borroka jokoaren pertsonaia guztiak bilduko ditu eduki gehigarriekin batera. Doako bertsioa Steam plataforman estreinatuko da.

Borroka generoaren baitan izar handienen itzulera ikusi dugu azken urteotan: Street Fighter, Guilty Gear, SoulCalibur, Smash, Tekken eta askoz gehiago ikaragarrizko tituluekin bueltatu dira agertokira. Ez da Rare estudioaren sagaren kasua; izan ere, azken Killer Instinct duela hamar urte kaleratu zen Xbox One kontsoletan. Hori zuzentzera datoz, ez joko berriarekin, baina bai edizio bereziarekin: Anniversary Editiona iragarri dute Microsoft-ekoek.

Iron Galaxy taldearen jokoko bertsio eraberritua aurreko Definitive Edition-a ordezkatzera dator; alegia, behin betikoaren erosle guztiek doan jasoko dute urteurreneko eguneraketa handia.

Jatorrizko jokoan hasieratik zeuden borrokalariak zein ondoren eduki gehigarrien bitartez gehitutakoak batuko dituzte urtebetetzea ospatzeko: guztira 29 pertsonaia ikusiko ditugu Killer Instinct honetan. Eagle, RAAM, Arbiter, Riptor eta askoz gehiago egongo dira hasieratik, hortaz.

Pertsonaiekin batera, ordainpeko premium eduki guztiak ikusiko ditugu Anniversary Edition honetan.

Tamalez, edukiak galduko direla jakinarazi dute Microsoftekoek. Killer Instinct 1 eta 2 originaletan jokatzeko aukera desagertu egingo da azken jokotik; hala ere, Definitive Editiona erosi zutenek hauetan jokatzen jarrai dezakete.

Aspaldi argitaratutako aplikazio berezia alboratuko dute, gainera. Definitive Edition App-ean garatzaileei egindako elkarrizketak, arte liburu digitala eta soinu banda bildu zituzten, baina oraingoz ezingo dira urteurrenekoan gozatu.

Doako bertsioa ez da desagertuko, zorionez. Base Game azpitituluarekin, Killer Instincten musutruk jokatzen jarraitzeko aukera egongo da: jokalari bakarrarentzako kanpainan, tokiko multijokalarian eta ranked partidetan murgildu ahalko gara, dohainik. Hori bai, pertsonaien aukeraketa mugatuta dago; astero borrokalari desberdina aurkeztuko digute duelu odoltsuetan parte hartzeko.

Oinarrizko doako bertsioa Xbox plataformatik aterako da, bukatzeko: arduradunek Steam-era iritsiko dela baieztatu dute. Aurretik ordainpeko jokoa soilik eros zitekeen Valve-koen plataforman.

Bukatzeko, oreka aldaketak dakartzan 3.10 adabakia estreinatuko da Anniversary Editionarekin. Bost urteren ondoren jokoak jasoko duen lehen eguneraketa da. Pertsonaia gutxi batzuk zuzenduko eta txukunduko dira: aldaketa guztiak blogean zerrendatu dituzte.

Killer Instinct Anniversary Edition Xbox kontsoletara eta PCra iritsiko da; oraingoz ez dute argitaratze datarik iragarri.