CyberConnect2 garatzen ari den borroka jokoak Naruto: Ultimate Ninja Storm sagarekin antzekotasun handiak izango ditu.

Kimetsu no Yaiba edo Demon Slayer manganimeak milaka jarraitzaile edukitzea lortu du azken urteetan, baina Koyoharu Gotouge mangakaren lanak oraindik ez du bideo-joko handirik jasotzeko zortea izan. Hori Hinokami Keppuutan borroka jokoarekin aldatuko da laster. Borrokak baino gehiago eskainiko dituela aldarrikatzeko, baina, jokalari bakarrarentzako kanpaina izango dena erakusteko trailerra prestatu dute CyberConnect2-ko garatzaileek.

Naruto: Ultimate Ninja Storm saga ezagunaren arduradunak izan ziren estudio japoniarrekoak, eta argi ikusten da Kimetsu no Yaiba honen atal estetikoa zein jostagarritasuna ikusita. Tanjiro Kamado protagonistaren borrokak jarraituko dira, nola ez, istorioko joko motan. Esplorazio pixkat eta atzean lan ikaragarria duten zinematika zainduak ere ikusiko dira bertan, Narutoren jokoetan gertatu modura.

Telesailaren lehen denboraldiko gertakizunak azalduko dira bertan, orain gutxi estreinatu zen Kimetsu no Yaiba: Mugen Ressha-hen filmean ikusitakoarekin bukatu arte.

Borroketan Tanjiro ez da izango kontrolatzeko egongo den pertsonaia bakarra: Zenitsu, Inosuke, Rengoku, Urokodaki eta manganimean ikusitako ezpatari eta deabru gehiago batuko ditu borroka jokoak; guztira hemezortzi pertsonaia agindu dituzte garatzaileek. Hauetan bi borrokalariz osatutako taldeak eratu beharko dira, eraso bereziak eta teknika hilkorrak izanik borroken ardatz nagusia. Sare bidez jokatzeko aukera emango du CyberConnect2ren jokoak.

Japoniatik kanpo sekulako arrakasta eduki duen arren, Kimetsu no Yaiba: Hinokami Keppuutan honek ez dauka argitaratze datarik eguzkiaren sorrera ematen den herrialdetik kanpo. Urriaren 14an estreinatuko da bertan, baina ez da harritzekoa izango mendebalderako bertsioak iragarrita ikustea. Izan ere, baieztatutako plataformen artean Steam aurkitzen da, Japonian arrakasta handirik ez daukan arren.

PCko bertsioarekin batera PlayStation 5, Xbox Series, PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletan kaleratuko da Honikami Keppuutan.