Taldeak hurrengo proiektua aurkezteko data ezarri du: lehen tituluaren jarraipena sortu nahi dutela adierazi izan dute.

Warhorse Studios garatzaile talde txekiarrak bideojoko berria aurkeztuko du apirilaren 18an. Iragarpena sare sozialen bidez erakutsitako irudiaren bitartez egin dute. Tom Henderson insider-aren arabera, Kingdom Come: Deliverance 2 iragarriko du estudioak.

“Ez da guraria, bide batez”, dio Insider Gaming agerkariko arduradunak. “Kingdom 2 da”. Warhorsekoek aurreratutako irudian zaldia ageri da, beraz, ez litzateke batere harritzekoa izango; ez hori bakarrik, aurretik ere KC: D arrakastatsuaren jarraipena garatu nahi dutela aldarrikatu dute.

Hori bai, irudian zaldi gainean doan pertsonaren arropak ikus ditzakegu, eta ez dirudi Erdi Aroko zalduna denik. Berokiarekin zein eskularruekin, titulu berriak girotze desberdina edukiko duela pentsa dezakegu.

Obra originala arazoekin eta akatsekin estreinatu zen arren, RPG zaleen artean benetan maitatua izatera iritsi den titulua dugu. Errealismoa zen nagusi Warhorsen jokoan: Germaniako Erromatar Inperio Santuan murgildu ginen herrixka txiki bateko gaztearen rola betetzeko.

Bigarren jokoa, hortaz, apirilaren 18an ezagutuko dugu: 20:00etan aurkeztuko dute YouTube nahiz Twitch plataformen bidez.