Xehetasun handirik eman gabe, “unea aproposa denean gehiago erakustea” hitzeman dute sortzaile txekiarrek.
Warhorse Studios Kingdom Come: Deliverance arrakastatsuaren taldeak bi proiektu berri aditzera eman ditu sare sozialen bitartez. Lehena, Kingdom Come berria izango da; bigarrena, Erdialdeko Lurraldean, hau da, J. R. R. Tolkien idazleak sorturiko fikziozko Middle-earth munduan, girotuko den abentura da.
“Zurrumurruak entzungo zenituzten”, adierazi dute mezuan: “Prestatzen gabiltzana aurkezteko unea da”. Mezu laburrarekin batera, ezer gutxi gehiago ezagutarazi dute. Hori bai, Eraztunen Jaunaren lurretan prestatzen dabiltzan titulua mundu irekikoa izango dela baieztatu dute; gauza bera espero da Kingdom Come berriaz.
“Unea aproposa denean gehiago erakustea” agindu dute egile txekiarrek. KC: Deliverance originalarekin mundu guztia zur eta lur utzi bazuten ere, 2025eko otsailean argitaratutako Kingdom Come: Deliverance II arrakastatsuarekin iazko bideojokorik handienetakoa eratzea lortu zuten, industriako jarraitzaileen laudorio guztiak jasota.
Itxaron egin beharko dugu, beraz, bi proiektuen berri gehiago entzuteko.
Embracer eta Fellowship Entertainment
Bitartean, Warhorsen jabea den Embracer Group erraldoiak beste banaketa bat iragarri du. Enpresa nordikoa bi taldetan banatuko da 2027an: Embracer eta Fellowship Entertainment osatu ditu.
Fellowship Entertainmentetik hasita, izenak dioen bezalaxe, Erdialdeko Lurraldearen edo Eraztunen Jaunaren bideojokoez arduratuko da: barruan kokatzen da, beraz, Warhorse Studios. Horretaz gain, 4A Games (Metro), Crystal Dynamics (Tomb Raider), Dambuster Studios (Dead Island), Eidos-Montréal (Deus Ex, Marvel’s Guardians of the Galaxy), Flying Wild Hog Studios (Shadow Warrior), Gunfire Games (Darksiders) edo Redoctane Games (Stage Tour) enpresak batuko ditu. Bideojokoetatik kanpo, Dark Horse Media komikien argitaletxea ere aurkitzen da barruan.
Embracerrek, bestalde, Aspyr (Tomb Raider I-III Remastered), Beamdog (Baldur’s Gate: Enhanced Edition), CrazyLabs (mugikorretarako jokoak), Deca (mahaijokoak), Demiurge (mugikorretarako jokoak), DPI Merchandising, Limited Run Games (joko fisikoen argitaletxea), Milestone (MotoGP), PLAION, THQ Nordic taldea (35 estudio biltzen ditu), Tripwire (Killing Floor) eta Vertigo Games (Arizona Sunshine) kudeatuko ditu.
2024. urtean Embracer Group taldea hiru enpresatan banatu zela entzun genuen; azken berregituraketa honekin Asmodee Group eta Coffee Stain & Friends banatu zituzten.
Lander Unzueta
Iruzkinak