Frankiziaren 20. urteurrena ospatzeko ekimenean egin dute aurkezpena trailer ikusgarriarekin.

Iragarpen handiak espero zituzten Kingdom Heartsen zaleek, eta hala izan da: Tetsuya Nomura sortzaileak eta Square Enixek Final Fantasy eta Disney batzen dituen akziozko RPG jokoen laugarren atala aurkeztu zuten atzo. Kingdom Hearts 4 ofiziala da.

Sagaren 20. urteurrena ospatzeko egitasmo bereziaren baitan egin zuten iragarpena. Disney filmetako mundu koloretsuak alboratu, eta Tokio gogora ekartzen duen Quadratum hiri errealista ikus daiteke japoniarrek prestatutako trailerrean. Ez da jokalariek kokaleku hau ikusten duten lehen aldia: hirugarren atalean ere azaltzen zen.

Bertan itxura eraberritua daukan Sora azaltzen da frankiziako Heartless ezagunen aurka egiten; zehazki, Dark Follower erraldoi baten kontra borrokatzen da quick time events-ez jositako sekuentzian. Jostagarritasun aldetik, hortaz, ez dirudi aldaketa handirik egongo denik.

Lost Master Arc deitutako istorio berriaren hasierari ekingo diote laugarren atalean. Strelitzia deitutako pertsonaia ezezaguna azaltzen da bideoan, baina Donald eta Goofy ere bueltan direla ikus daiteke. Beraz, orain arteko joko guztietatik bereizten den gidoitik hasiko diren arren ohiko ezaugarriak ageriko dira.

Arduradunek ez dute bestelako xehetasunik eskaini: plataformak zein argitaratze data aipatu gabe utzi dituzte. Laugarren atalarekin batera Kingdom Hearts Missing-Link deitutako gailu mugikorretarako RPG abentura aurkeztu zuten Square Enixekoek.