Ohi bezala, Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzutik bakarrik jokatu ahalko da kontsola hibridoan.

N Handikoek beren Nintendo 64 maitatutik Switchera iritsiko den hurrengo jokoari buruzko berritasunak eskaini dituzte. Kirby 64: The Crystal Shards izango da katalogo klasikotik berreskuratuko duten lana. Jakitera eman dutenez, maiatzaren 20tik aurrera jokatu ahalko da egungo gailuan.

Kirbyren hiru dimentsioko lehen titulua izan zen 64 bits-eko kontsolakoa. Hala ere, jostagarritasuna bi dimentsiotan mugatzen zen 2000. urteko abenturan: ezker eskuin mugi gaitezke kokalekuetatik zehar Hal Laboratoryren bola arrosaren jokoetako ohiko mekanikak mantenduta.

Ekarri zuen berritasunik esanguratsuena bi botere bateratzeko ezaugarria izan zen: Kirbyk bi etsairen ahalmenak gorde eta hauek konbinatuta abilezia berriak eskura ditzake Crystal Shardsen. Adibidez, sua eta harria batuta sumendian bilaka daiteke protagonista alaia.

Jokoak biltzen dituen minijokoetara online multijokalari bidez jokatzeko aukera gehituko du Switcheko bertsioak; ez da ezaugarri hau jasotzen duen lehen jokoa, N64-ko gainerako multijokalari tituluekin ere gauza bera egin daiteke eta.

2022a urte aproposa da klasiko hau berreskuratzeko; izan ere, Kirbyk 30 urte bete zituen orain aste batzuk. Klasiko honekin batera martxoan Kirby and the Forgotten Land bikaina estreinatu zuten Nintendokoek.

Nola ez, Switch bidez joko klasiko honetara aritzeko modu bakarra Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuko harpideduna izatea da: ezingo da bideojokoa bakarrik erosi. Horrela funtzionatzen dute emulazio bidez joka daitezkeen joko hauek. Kirbyrekin batera Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time eta Majora’s Mask, Banjo-Kazooie, F-Zero X eta beste hainbat daude harpidetza maila garestian.

Aurretik iragarritakoetatik, Pokémon Snap baino ez da falta Nintendo 64ko jokoen bilduma betetzeko.

Kirby 64: The Crystal Shards maiatzaren 20an argitaratuko da Nintendo Switchean.