2027ko udaberrian plazaratuko du Nintendo-k Switch 2 kontsolan.
Nintendo Direct emanaldian Kirby and the World Beyond ezagutzera eman dute Kiotokoek. Protagonista ezagunaren abentura hiru dimentsiokoa izango da, mundu erraldoiak esploratzea proposatuz.
Super Mario Odyssey zein Donkey Kong Bananza handiekin antzekotasun handiak erakutsita, Kirby arrosa gune zabalak zeharkatzen erakutsi digute iragarpen bideoan. Ohiko mugimenduak eta botereak edukiko ditu, beti bezala, arerioen botereak xurgatzeko abilezia erakutsita.
Hauekin batera erronkak eta desafioak gainditzea izango da jokoaren muina: zuhaitzak ebakitzen nahiz hormak eskalatzen, bonbak garraitzen eta buruzagien aurka borrokatzen ibiliko gara, atal grafiko ederrarekin, txanponak eta bestelako altxorrak eskuratzeko.
Bideoan jokoaren proposamenak gordetzen duen sekretua adierazi digute: Kirby sasimundu batean espetxeratuta egongo dela dirudi, eta, King Dedede gaindituta, hortik ateratzeko bideari ekingo diola —haraindiko mundua esploratzeko, alegia—. Horretarako, botere berriak beharko ditugu; ezpata indarberritzeko ahalmena ezagutarazi dute egileek, edozer mozteko indarrarekin.
Bola arrosaren joko handia prestatzen dabiltzala esan daiteke; ez da gutxiagorako, datorren urtean 35. urteurrena ospatuko baitute Nintendokoek eta HAL Laboratory-koek.
2027ko udaberrian estreinatuko da Kirby and the World Beyond, esklusiboki, Switch 2 kontsolan.
Lander Unzueta
Iruzkinak