34 partida jokatuta bukatu da Bilboko Game Playerren Lehia. 10-18 urte bitarteko ikasleek parte hartu dute Rocket Leaguera jokatuta.

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako bideo-jokoen txapelketak badauka txapelduna. Klikazank Bilboko Game Playerren Lehiaren garaipena lortu zuen ostiralean Orovich jokalariak TestiesZeus681 aurkariari hiru partidatik bi jarraian irabazi ondoren. 

Lehiaketa PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformen bidez jokatu zen Psyonix garatzailearen Rocket League jokoan. Futbola eta autoak batzen dituen bideo-jokoa doakoa da ordenagailuetan zein kontsoletan, bideo-jokozaleak batzeko aitzakia ezin hobea izanik.

Finalerdietan eta finaletan jokatu zuten lau jokalariek ikaragarrizko maila agerian jarri bazuten ere, Orovich nagusitu zen bere partida guztietan autoa airean kontrolatzeko erakutsitako abileziari esker. Finalerdietako lehen garaipena berak eskuratu zuen hain zuzen ere, Rayoier10 jokalariaren aurka bi partida irabazita. Bigarren finalerdian TestiesZeus681 partaidea izan zen garailea Hakzy9482ren kontrako norgehiagokan.

Markagailuan 4-6 agertzen zen azken partida bukatutakoan: gol kopuru esanguratsua da, baina gainontzeko norgehiagoketan ere antzeko zenbakiak ikusi ziren; are altuagoak kasu batzuetan. Partidu bakarrean 11 gol ikustera iritsi ziren zuzenekoa jarraitzen zutenak.

Finalera iritsi ziren jokalarientzat sariak banatu dituzte antolatzaileek: txapeldunak bideo-jokoak erosteko 100 euroko bonoa jaso zuen; bigarren sailkatuak jokoen edozein saltoki digitalerako 50 euroko txartela eskuratu zuen.

 

Euskara bideo-jokoekin sustatuz

Giro bikainean jarraitu ahal izan ziren azken faseko partidak Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak eskainitako zuzenekoaren bitartez. Il4rgi eta Ohiukatu Game Erauntsiako kideak aritu ziren esatari lanak egiten; beraiekin batera egon zen Gari Larrañaga errealizazio lanak burutzen.

Ez hori bakarrik, Twitcheko txatean finalistei animoak ematera eta jokaldiak nabarmentzera hurreratutako hainbat zale batu ziren, lehiaketari bukaera aproposa emanez modu horretara. 

Txapelketa Harrapazank programaren barnean kokatuta egon da: ekimenaren helburua da Bilboko gazteen artean euskara sustatzea aisialdirako askotariko aukera proposatuta.

Guztira 58 izen emate egon ziren Klikazank txapelketan; horietatik 10-18 urte bitarteko 44 ikasle bilbotarrek parte hartu dute azkenean egitasmoan. 37 partida lehiatu zituzten Bilboko bideo-jokozaleek Rocket Leaguen baitan.