Izen ematea abiatu dute: Bilboko Udalaren eta Euskaltzaleen Topagunearen antolatutako lehiaketa maiatzean jokatuko da.

Klikazank txapelketa bueltan da: Bilboko 10-16 urte bitarteko gazteek —hau da, 2006 eta 2012 urteen artean jaiotakoek— Rocket Leaguen duten trebezia erakusteko aukera izango dute beste behin.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako txapelketa izango da Klikazank. Izen ematea dagoeneko zabalik dago webgune ofizialean; apirilaren 30ean itxiko dute.

 

Norgehiagokak, maiatzean

Lehiaketa maiatzean jokatuko da bere osotasunean; hala eta guztiz ere, bi fasetan banatuta egongo da. Lehenik eta behin, kanporaketa fasea online lehiatuko dute partaideek: jokalari kopuruaren arabera egun bakarrean edo zenbaitetan jokatuko dira lehen norgehiagoka horiek. Egunok izen ematea ixterakoan zehaztuko dituzte antolatzaileek.

Bigarrenik, azken fasea dago. Finalerdiak zein final handia egun berean jokatuko dira: maiatzaren 20an. Hori horrela, kanporaketa faseko lau jokalaririk onenek baino ez dute parte hartuko finaletan. Partidok aurrez-aurrekoak izango dira, gainera; horretarako, aurten hautatutako joko zelaia Euskararen Etxea da.

Sari potoloak egongo dira jokoan lehiaketari gatza eta piperra eman nahian. Irabazleak 150 euroko opari txartela eramango du etxera nahi dituen bideojokoak erosteko; txapeldunordeak, berriz, 50 euroko txartela jasoko du.

Azken lehiak bertan gauzatuko badira ere, etxetik jarraitzeko aukera egongo da; izan ere, finala Game Erauntsiaren Twitch kanalaren bitartez jarraitu ahal izango duzue zuzenean.

 

Txapelketaren egitura

Aurreko Klikazanken formatu berbera mantenduko dute Rocket Leaguen partiduek. 1vs1 erako lehiak ikusiko ditugu. Soccar joko mota klasikoa da haututakoa: futbola eta kotxeak batzen dituena, hain zuzen ere. Partidek bost minutuko iraupena edukiko dute; horiek igarotzerakoan berdinketa egonez gero, urrezko gola sartzen duenak jarraituko du txapelketan.

Lehen fasea partida bakarrera jokatuko da; finaletan, berriz, hiru partidatik onenak lortuko du garaipena.

Esan bezala, lehen kanporaketa fasea online jokatuko da; partidak antolatzeko bideojokoaren txapelketa sistema erabiliko da. Hori dela eta, aldez aurretik txapelketaren izena eta pasahitza jasoko dute partaideek: adierazitako egunean eta orduan jokotik lehiaketara sartu beharko dira, hortaz.

Jokalarietako batek bere Internet konexioarekin arazoak baditu, hamar minutuko atsedenaldia eskainiko zaio. Tarte horretan parte hartzaileak konexioa berreskuratzea lortzen ez badu partida galdutzat emango zaio. Norgehiagoka jokatzen ari dela bertatik alde egiten badu, txapelketatik kanporatuko da.

 

Rocket League, doan eta plataforma guztietan

Psyonix estudioaren bideojokoa Klikazankentzat aproposa da hainbat zergatirengatik: kirol elektronikoetara bideratuta egoteaz gain, doan eskura daitekeela azpimarratu beharra dago.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

PC, PlayStation5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan eskura daiteke; ez hori bakarrik, plataforma arteko jokoari esker (Crossplay) aipatutako kontsolen eta ordenagailuen jokalarien arteko partiduak sor daitezke. Horregatik, plataforma guztietako erabiltzaileak gonbidatuta daude Klikazanken parte hartzera.

Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan aurkitzen da Klikazank txapelketa. Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da Harrapazank programaren helburua. Hori lortzeko gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.