Euskararen Etxean bilduko dira zortzi finalista bilbotarrak Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Rocket League lehiaketan jokatzeko.

Bilboko Rocket League jokalaririk onena izendatzea helburu duen Klikazank txapelketaren finala hirugarrenez lehiatuko da maiatzaren 20an. Online jokatutako kanporaketa faseko garaileek aurrez-aurreko norgehiagokak biziko dituzte Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ekimenean.

Euskararen Etxea izango da aurtengo ekimena bizitzeko hautatutako estadioa. Lehen faseko zortzi finalistak bertaratuko dira final laurdenetatik final handira bitarteko partiduak lehiatzeko: Enaitz_18_, Realkiller, Oro, Txina23, G4rra18, Bullkiller, Juanpablor-sofir eta AthletikXD gazte bilbotarrek kotxeak gidatzen eta golak sartzen duten trebezia aditzera eman beharko dute partiduotan.

12:00etan hasiko da azken fasea. Final laurdenetan partida bakarrera jokatuko dira dueluak; finalerdietan eta finalean, berriz, hiru partidatik onenak eskuratuko du garaipena. Norgehiagoketako bikoteak zozketa bidez erabakiko dira: parte hartzaileek jokatzen hasterakoan ezagutuko dituzte euren aurkariak.

Soccar joko mota izango da, beti bezala, Klikazanken hautatuko den modalitatea. Rocket League ezagutzen ez dutenentzat, tituluaren oinarrizko joko mota da: autoak eta futbola batzen dituena, hain zuzen ere. Gidatze trebea erakusteaz gain, baloia kontrolatzen, hau zerutik eramaten eta geldiketak egiten jakin beharko dute lehiakideek. Turboak berebiziko garrantzia edukiko du: modu aproposean erabiltzen duenak txapeldun izateko aukera esanguratsuagoak izango ditu.

Rocket League jokalaririk iaioena izendatzeaz gain, finala jokatzen dutenek bideojokoetan murgiltzen jarraitzeko sari apartak jasoko dituzte: txapeldunak 150 euroko opari txartela eskuratuko du bideojokoak erosi ahal izateko. Kodea nahi duen plataformarako izango da (Nintendo eShop, PlayStation Store, Steam, etab.). Bigarren sailkatuak, bestalde, 50 euroko opari txartela lortuko du.

 

Jarrai ezazu etxetik

Finala Euskararen Etxean jarraitzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek; dena den, online ere ikusi ahalko da Game Erauntsiaren eskutik: euskal bideojokozaleen Twitch katetik emango ditugu partidak.

Gure esatariak Euskararen Etxean egongo dira: jokaldi ikusgarrienen jarraipena egin zein golik harrigarrienak ospatuko dituzte. Iaz giro ederrean bizi ziren partiduok; hortaz, animatu eta etorri!

Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan kokatzen den ekimena da. Honen helburu nagusia Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu Harrapazankek.