SNK-ren borroka joko klasikoak sareko funtzionalitate eraberrituak jasoko ditu hobetutako online borrokak eskaintzeko helburuarekin.

Arkade aretoetan borroka jokoetako pertsonaia guztien mugimendu bereziak ezagutzen zituztenek ondo gogoratuko dute The King of Fighters ’98. SNK garatzailearen frankizia ezagunenetakoaren atalik onenak berritasunez beteriko Ultimate Match Final Edition jaso zuen 2014an, eta orain hori are gehiago hobetuko dutela agindu dute arduradunek rollback ezaugarriarekin. Honen beta urriaren 19an hasiko dute.

Zaleen artean “KOF joko guztien KOF” izenarekin ezagutzen den jokoak sareko funtzionalitate hobeak eskainiko ditu horrela. Delay-based netcode-arekin batera, rollback netcode sistema online partidak jokoan inplementatzeko metodoetako bat da. Rollbackak jokalarien aginduak eta mugimenduak hartu, eta online partidako sareak funsgabetasunik nabarituz gero horiek atzera egin edo birsimulatu egiten ditu  hau da, roll back, ahalik eta esperientziarik onena lortzeko.

Borroka jokoen artean sekulako arrakasta edukitzen ari den sistema honek tokiko partiden bizkortasuna eta trinkotasuna sareko partidetara eramatea lortzen du. Halere, aurretik delay-based netcodea erabiltzen duten jokoetan inplementatzea zaila izaten da, askotan kode osoa berregitea eskatzen baitu.

Sistema berriak modu aproposean funtzionatzen duela ziurtatzeko prestatu dute urriaren 19an abiaraziko duten beta bertsioa. “Mesedez, lagundu KOF98UMFE-ri ahalik eta netcode onena eskaintzen”, adierazi dute garatzaileek. Urriaren 29ra arte iraungo du, eta Steam bidez soilik gauzatuko dute: 64 bit-eko sistema eragileetan bakarrik funtzionatuko duela aurreratu dute SNK-koek Valve-n plataformako blogean.

The King of Fighters ’98 Ultimate Match Final Editionek borrokalariak, atal grafiko eraberritua, oreka aldaketak eta joko motak berriak gehitu zizkion 1998an kaleratutako KOF ’98ri. Atal honen berritasunekin batera, SNK-koek King of Fighters XV kaleratuko dute 2022ko otsailean PC-an zein PlayStation eta Xbox kontsoletan.