Bideo-jokoen munduko doinu ezagunenetarikoak sortzeaz arduratu zen japoniarra, Square Enix-en jokoetarako 500 bat abesti konposatuta.

Koichi Sugiyama (Japonia, 90 urte) zendu da. Sugiyama bideo-jokoen industriako abestiak eta doinuak konposatzeagatik da ezaguna mundu osoan, zehazki, Dragon Quest saga arrakastatsuko soinu bandak sortzeagatik.

Musikagilea irailaren 30ean zendu zen, JRPG frankiziaren webgunean argitaratutako albistean zehaztu dutenez. Hori horrela, dagoeneko Sugiyama agurtzeko zeremonia burutu dela aipatzen dute bertan. Familiarentzako eta lagunentzako ekitaldi pribatuaz gain, Square Enix-etik musikagileari agurra emateko eta omentzeko ekimen bereziren bat egiteko aukera aipatzen dute.

Izan ere, Sugiyamaren lanek sekulako ospea lortu zuten. Ez da harritzekoa, Japonian Dragon Quest sagak duen arrakasta ikusita: bere partituretatik entzun daitezke, adibidez, sagako abesti nagusia. Guztira 500 bat abesti konposatu zituen Square Enixen JRPG frankiziarako, eta hil arte musika sortzen jarraitu zuen. Errekorren Guinness Liburuan biltzen denez, Sugiyama da bideo-jokoen lehen musikagilea.

"Koichi Sugiyamaren adiskideei eta pertsona maitatuei nire doluminak eskaini nahiko nizkieke", adierazi du Yosuke Matsuda Square Enixeko presidenteak ohar batean. "Dragon Quest jaio zenetik gaur egunera arte Koichi Sugiyamak egindakoa hitzekin azaltzea ezinezkoa da".

Uztailean egindako Tokioko Olinpiar Jokoetako irekiera ekimenean entzun ziren Sugiyamaren abestiak, bideo-jokoen soinu bandek hartu baizuten zeremonia. Dragon Questengatik ezaguna bada ere, beste hainbat bideo-jokotan lan egin du musikaegileak, baita telesailetan eta filmeetan ere.