Gaur egun jada badakigu zer nolako eragina izan duten Fumito Uedaren obrek. Bere lanetan bi pertsonaien abenturak aurkezten dira. Biek elkarri lagundu behar diote hainbat oztopori aurre egiteko, eta, horretarako, komunikazioa ezinbestekoa da.
Orain arte, Uedak eta bere taldeak —lehen, Team ICO, eta, egun genDESIGN— komunikatzeko era ezberdinak dituzten pertsonaiak elkartu dituzte. Aurrera egiteko gakoa bien arteko ulermena bilatzea da, espazio misteriotsuak zeharkatzea ahalbidetuz. Nire ikuspuntutik, Uedak zuzendu dituen hiru bideojokoetatik, hau era sakonenean landu duena The Last Guardian da. Fisikoki nahiz komunikatiboki zerikusi handirik ez dituzten bi izaki dira protagonistak. Mutiko bat eta txakur nahiz txori baten ezaugarriak dituen izaki handi bat (Trico deitutakoa). Esan bezala, aurrera egiteko era eraginkorrean komunikatzera ikasi beharko dute, eta, guk, jokalari bezala, ikasi beharko dugu.
Baina benetan eragina izan duen ezaugarria Uedak bere lanetan aplikatzen duen diseinu filosofia da. Bideojokoaren gai edo ideia nagusiarekin erlazioa ez duen guztia kendu eta funtsezko elementuekin geratu. Bideojokoak garatzeko modu honen bitartez, mekanika gutxiago eskaintzea, eta istorioa laburragoa izatea gerta daiteke, baina, aldi berean, elementu gutxi batzuk perfekzionatzea ahalbidetzen du, guztiak koherentzia handia hartuz. Noski, horrek ez dio bideojokoari konplexutasuna kentzen. Horretaz konturatzeko, bakarrik Tricoren animazioak eta portaera ikusi behar da.
Esango nuke Studio Tolimaren lehenengo bideojokoak, Koira deitutakoak, Team ICOren bi ezaugarri nagusiak dituela. Bere diseinu filosofia eta bi pertsonaien arteko abentura. Baina eragina ez da hor bakarrik geratzen. Koira bideojokoak bere istorioa helarazteko ez du hitzik, ezta azalpenik ematen. Jokalariak esfortzu minimo bat egin behar du bai gertatzen denari, bai girotzeari arreta jarriz.
Koira-ren protagonista elurrez betetako baso misteriotsu batean esnatzen da. Aurrera egin ahala, laster txakur bat ezagutzen du, eta, berarekin, etxera bueltatzeko bidaian murgiltzen dira.
Nahiz eta bakarrik begiak ikusi daitezkeen, pertsonaien aurpegiera oso identifikagarria da.
Begirada batean, bere itxura bisual eta artistiko politak, istorio polit baten aurrean gaudela pentsarazi diezaguke. Baina jakin behar dugu itxuragatik bakarrik iritzi bat eraikitzea arriskutsua izan daitekeela. Bidaian zehar animali batzuk ezagutzen dira, eta, animali horiek ,arazo handi bat dute. Bi pertsonaia nagusien funtzioa arazo honi aurre egitea da, eremu naturala eta han bizi diren animaliak kaltetzen dituelako. Etsai edo arazo honen kontra egitea ez da erraza izango eta agian sufrimendua saihestezina izango da.
Argi ikusten da bideojokoak itxura bisuala eta gaia kontrajartzen dituela, inpaktua indartsuagoa izan dadin. Horrela, kasu batzuetan, istorio negar-eragile batean jausi daiteke, baina, nire ustez, Koira-k hau orekatzea lortzen du. Esperientzia laburra eta erritmo egoki bat izateak lagundu egiten dio, istorioa gehiegi luzatu barik.
Aipatutako koherentzia mekaniken bitartez ere lortzen dute. Koira hiru botoiekin jokatzen da. Eta ez ditu gehiago behar, gogoratu Uedaren diseinu filosofia. Tira, errealitatean, palanka zenbatzen ez badugu, bi botoiekin jolasten da. Botoi bat testuinguruaren araberakoa da; hau da, adibidez, pertsonaia objektu baten alboan badago, objektua hartzen du. Objektua eskuan badu bota egin dezake. Eta eskuan objektu bat izan barik txakurraren alboan jartzen bada, noski txakurra laztanduko du.
Bai, txakurra laztandu daiteke.
Txakurrarekin interakzioa ezinbestekoa da. Bi une mota daude. Alde batetik, txakurrarekin erlazioa indartzeko, berarekin jolastu daiteke. Adibidez, makila bat bota ahal diogu edo ezkutaketan jolastu ahal dugu. Erlazioa indartzeko balio dutela esaten dudanez, ez da sistema zehatz bat dagoelako, baizik eta narratibari laguntzen dioten uneak direlako. Une lasaiak eta alaiak, tentsioa dituzten beste uneekin orekatzeko.
Bestalde, bidaia jarraitu ahal izateko, protagonista txakurrarekin elkarlanean aritu beharko da. Momentu batzuetan, giroa iluntzen denean, txakurrak iluntasuna gainditu dezake, bide berriak zabalduz. Gehiago azaldu barik, badirudi mundu horretan botere berezi batzuk lortu daitezkeela. Horrez gain, txakurrak puntu batzuk induskatu ditzake janaria, objektuak edo bideak aurkituz.
Esan bezala, komunikazioa garrantzitsua da, are gehiago, komunikazio era ezberdinak dituzten izakien artean. Koira bideojokoak izakien arteko komunikazioa erakusteko era nahiko berezia du, musikaren bitartez gauzatzen duelako. Txakurrak nota batzuk igortzen ditu, literalki, nota horiek mundu fisikoan ikusi daitezkeelako. Maneiatzen den pertsonaiarekin nota musikalak hartu daitezke, ondoren nota musikal horiek igorri ahal izateko. Gure pertsonaiak ikasiko balitu bezala. Hori da, hain zuzen ere, beste botoiaren funtzioa. Nabarmentzekoa da protagonistaren ahotsa txirula bat bezala entzuten dela eta txakurrarena akordeoia bezala, musikaren kontzeptua indartuz.
Une batzuetan komunikazio era hau ezinbestekoa da. Txakurra ikaratuta dagoenean, adibidez, nota musikal aproposa erabiliz, poliki-poliki lasaitu daiteke. Nota musikalen mekanika hau estatua batzuekin ere erabili behar dira. Normalean giroan edo animalietan aurkitu daitezke nota hauek, ondoren estatuara bueltatu eta nota hauek abestu beharko ditugu. Jolastuz askoz hobeto ulertzen da.
Mekanika gutxi hauen bitartez, egoera ezberdinak planteatzen joaten dira. Une nabarmengarrienetan nota musikalen sistema erabiltzen da. Bideojokoak ez ditu egoera hauetan konplexutasuna bilatzen, eta aurrera egitea organikoa sentitzen da. Aipatu den bezala, erritmoa lehenetsiz.
Hala eta guztiz ere, bidaia osoa ez da lasaia izango eta tentsiozko une batzuk daude. Momentu hauek antzeko era batean funtzionatzen dute. Protagonistak eta txakurrak, giroak eskaintzen dituen baliabideen bitartez, aurrera egiteko era bilatu beharko dute. Arazo horri zuzenean aurka egitea ez da aukera bat. Ezkutuan egotea gakoa da, eta txakurra isilpean eduki beharko dugu.
Espazioa beste elementu garrantzitsua da. Giro misteriotsu bat helarazten du.
Esango nuke Koira espero dena dela. Elementu interesgarriak aurkezten ditu, batez ere, musika komunikazio tresna gisa erabiltzearena, baina ez du kontzeptua gehiagorik hedatzen. Istorioarekin gauza bera gertatzen da, iraupen aproposa eta erritmo egokia du, ipuin bat bezalakoa. Koirak esperientzia hunkigarria eskaintzen du, eta ez du gehiagorik behar.
Bideojoko hau Playstation 5 eta ordenagailuetarako eskuragarri dago. Informazio gehiago nahi baduzue, elkarrizketa hau gomendatzen dut.
Iruzkinak