Baziren behin kontsola-zale bat eta ordenagailu jokozale bat (“PCro” bat, alegia). Zorioneko egun batean hil ziren biak, eta Patuak horrela erabakita, non eta Dantek deskribatutako Zazpigarren Infernuan egin zutela topo. Bizitzan etsai natural porrokatuak, aurki hasi ziren elkarri mokoka. Edo, hobeto esanda, PCroa hasi zitzaion kontsolero gixajoari, oldarkor eta puztuta: “Hara, hara! Begira nor dugun hemen!”. “Aupa” erantzun zion besteak, “Hilda ere, ez nau bakean utziko, ezta?” bere golkorako pentsatuz...
– Nolatan hemen, txikito? -galdetu zuen PCroak-.
– Tira, badakizu bideo-kontsoletako jokoak piloa gustatzen zitzaizkidala, akaso gehiegi, ezta? Nobedadeak, bildumagileentzako edizio metaliko itxuroso eta erakargarriak, jada ditudan jokoen HD bertsio berrituak, PS Plus eta Xbox Live zerbitzuen kuotak... Bada, garesti ordaindu nuen adikzio hura, eta “garesti” diodanean hizkiz hizki ari naiz: jornala martzianitoetan gastatzen nuen, eta azkenean zendu nintzen, pobreziaren pobreziaz.
– Kar kar kar! Kaikua! Ez diat beti esan, ba, hori guztia ordenagailuetan askoz merkeagoa dela? Horretarako dago Steam, hain zuzen, bizitza osoan instalatuko ere ez dituan jokoak merke-merke erosteko!
– Beharbada bai, baina niretzat inportanteagoak dira kontsolek ematen dituzten erraztasunak eta konplikaziorik gabeko partidak; gainera...
– To, to, to! Ikusten? Hori izan duk beti hire arazoetako bat, sasi-erosotasun horren etengabeko bilaketa. Gutxiegi baduk, zergatik konformatu Sonyk edo Nintendok eskaintzen diaten apurrarekin? Nik, esaterako, ordenagailua hiper-dopatuta neukaan: prozesadorerik azkarrena, punta-puntako RAM memoria, piztia ez gainberotzeko haizagailu aleroidunak, eta abar. Noski horretarako hamaika foro frikitan orduak eta orduak eman behar izan nitiala, baina emaitzak merezi zian, ez duk uste? Arriskatu hadi, txo!
– Horretarako gogo gehiegi ez dut normalean izaten baina tira, horrela ikusita...
– Eta jokoak kontrolatzeko gailuak, mesedez! Benetan eroso hago aginte narras horiekin, teklatu eta sagutzarraz baliatuz tiro jokoetan arma-prezisioa esponentzialki igotzen dukela jakinda? Ez al haiz estutzen estrategia jokoetan unitateak banan-banan hautatzean? Neuk behintzat ezingo nikek!
– Sofan botata jokatzea gustatzen zait, ordea...
– Atx! Serio, telebistan?! Badakik horrelako trasteek nekez mugi dezaketela egun gama baxuko edozein monitorek mugitzen diaten 4K bereizmena, ezta? Eta zer esanik ez, 60 hertzio konstanteekin amestea ere! Alabaina, egiatan 720 edo 1080 puntu ziztrinekin konformatzen bahaiz, ba beno, aukera bakoitzaren baitan dagoela suposatzen diat.
– Egia esan, ez dut inoiz gauza horietan pentsatu. Izan ere, beti izan dut buruan entretenimendu azkar hutsa, baina egia da orain hilda egonda gauzak beste perspektiba batetik ikusten hasia naizela. Bestelako “esperientzia” batzuetara” irekita nagoela, nolabait esateko.
– Zer esperientzia eta zer esperientziaondo! Hago isilik eta eros ezak PC on bat behingoz!
– Jauzi bortitzegia, apika. Baina egon, gauza bat okurritu zait! Bogan dagoen cross-play sistema erabilita elkarrekin joka genezake tiro jokoren batera! Nik PlayStationean, agintearekin; eta zu ordenagailuan, teklatu eta sagua erabiliz. Eh? Eh? Zer diozu? Ideia ona, ezta?
– ... -esan zuen PCroak, “Babo arraioa!” bere golkorako pentsatuz-.
Iruzkinak (1)
Igor Okina 2017ko eka. 25a, 00:38
Topiko azkotxo ez? Argi dago ordenagalua ez dala kontsolak bezain sinplea, baña ez da hain konplikatua bez. Azken urtetan beintzat, dana itxen dotzuen programak dare eta arazoik izanez gero, laguntza billatzia nahiko erraza da. Ta kontrolagaliua dagokixonez, PC baten edozer gauza erabili zeinke, ez bakarrik sagua eta teklaua. Nik neuk joku batxutako Xbox One-eko "gamepad" bat erabiltzen dot. Ta sofako asuntua be konpondu leike. Ez dago iñungo arazoik ordenagailua telebistai konektatzeko. Baña bueno, hori be norberan gustuen araberakua da, nik behintzat neixau dot nere aulkixa eta pantailarako gertuaurako postura (estrategia jokotarako hobia iruditzen jat, batezbe textu asko daukenetarako).
Akaso, kontsolak dauken abantaila, zera da, hasieran merkiauak diela eta badauzkela joku batzuk ordenadoran irtetzia denbora dexente kostauko jakuena (azkenian danak irtetzen dia ezpada emuladoran bitxartez). Baña nere ustez, arrazoi naguzixa da jendia ez dagola ordenagailura oitxuta eta ezezagutzak atzeraka botatzen ditxuela. Ez dago informatika eta hardwareko expertu bat izan bihar ordenadoran jolasteko. Gañera zortitxarrez, "cross-play"-a ez da beti egoten, eta beraz, lagunek ze dauken be kontutan izan bihar izaten da.
Ikusikozue, azkenian danak plataforma berera batuko da eta diskuziño txoro honek amaitxuko ditxugu behingoz.