Kontsolen Scene-a: Segurtasuna gaindituz

Xabier Calvo | 2018/03/06 10:30 BerriakArtikuluak



Azken astean bi berri garrantzitsu irakurri izan ahal ditugu “scene”-ari dagokionez. Scene-ari buruz ari garenean kontsolen segurtasuna saltatu eta sinatu gabeko kodea exekutatzeko gai diren metodoei buruz ari gara hitz egiten. Honen bidez, kontsolan jatorriz onartuak ez diren programak exekutatu daitezke, hala nola, emulatzaileak, homebrew-a, linux sistema eragilea, edota kontsolarako jokoen kopia “piraten” kargagailuak.

Esan bezala, aste honetan bi berri potolo izan ditugu eta scenea mugitzen ari dela dirudi. Alde batetik Nintendo Switch-aren segurtasuna salto egin eta linux sistema nola kargatzen duten ikusi ahal izan dugu, baita homebrew channel izeneko kanala ere. Bestalde, PS4-aren 4.05 firmware bertsioaren exploit bat ere erakutsi dute eta honen bidez bertan kode ez sinatua exekutatzeko gai izan dira.

Berri hauek aitzakiatzat hartuz, azken belaunaldiko kontsolen scenearen errepasoa egingo dut eta bide batez “pirateatutako” kontsola famatu batzuk ere aipatuko ditut.

Nintendo Switch

Hilabete honetan urtebete beteko du kontsolak eta bere segurtasuna kinka larrian dago jada. Failoverflow izeneko hacker taldeak argitaratu zuen nola lortu zuten kontsolaren arranke sisteman aurkitutako bug bati esker linux sistema eragilea martxan ipintzea kontsolan. Honen ondoren, beste erabiltzaile batek homebrew channel bertsio bat argitaratu zuen. Hau bug horretaz baliatuz instalatu daiteke eta honek zuzenean sinatu gabeko kodea exekutatzeko gaitasuna ematen digu. Esan bezala, denbora kontua da kontsola honentzat kopiak kargatzeko aplikazioak, emulatzaileak etab. ikustea. Diotenez gainera, kontsolaren arrankean dago ahulgunea, eta hau ezin da software eguneraketa bidez konpondu, beraz Nintendo Switch-aren hardware berrikuspen bat ateratzen ez badute, ahulgunea erabiltzen jarraitzeko aukera egongo da.

Kontsola honen kontzeptu hibridoak gainera are erakargarriagoa egiten du kontsola horrelako hackerrentzat. Pentsa, kontsola honetan emulatzaileak, PC-rako jokuak etab erabili ahal izatea, askorentzat ametsa.

PS4

PS4a ez da libratzen hackerren eskuetatik. Askoz zailagoa dirudi PS4aren segurtasuna apurtzea, baina ez da ezinezkoa. Nintendo Switcharekin gertatzen ez den bezala, PS4rako lortu duten exploita firmware konkretu baterako da, 4.05a konkretuki. Honek esan nahi du, kontsola eguneratuz gero ez daukagula kontsolaren barrutietara sarrerarik. Baina 4.05 bertsioan bagaude lortutako exploitarekin kontsola osorik atzitu liteke, beraz, emulatzaile, eta kopia piraten kargatzaileak ez dira urrun ibiliko.

Azken bertsio-arte Webkit-ak, PS4ak dakarren internet nabigatzailearen motorrak, ahulgunea du hackeatua izateko, baina honen bidez ez omen da kontsolaren segurtasun osoa apurtzen, eta sinatu gabeko gauza batzuk exekutatu baldin badaitezke ere, ezin da dena atzitu.

Xbox One

Orain arte, eta nik dakidala behintzat, inork ez du lortu Xbox One kontsolaren segurtasuna apurtzea. Beraz, momentuz, Xbox One da zutik dirauen kontsola bakarra hackerren “erasoen” aurrean. Hala ere, kontsolen historia ikusiz, momenturen batean, osorik ez bada ere, zerbait lortuko dute seguraski.

Belaunaldi zaharrak

Izatez, orain arteko kontsola ia denak dira pirateagarriak. Oso ezagunak izan ziren Playstation 1a. Esan ohi da bere arrakastaren zati handi bat hau izan zela. Oso entzuna izan zen bere garaian, eta arraroa zen pirateatu gabeko Playstationaz geratzea. Instalatzeko nahiko erraza zen txip baten bidez CD kopiak irakurtzen zituen PS1ak. Baina hau ez zen kasu famatu bakarra izan. Wii-arena ere oso entzuna izan zen. Hasieran, txip bidez lortu zuten pirateatzea DVD kopiak onartu zitzan. Gainera soldatze gabeko klipen bidez edozeinek jar zezakeen txipa. Baina failOverFlow hacker taldeak (Switch-a pirateatu duen talde bera) “Homebrew channel” instalatzeko metodoa argitaratu zuen, zeinaren bidez emulatzaileak, joko kargagailuak, Gamecube emulatzaile/kargagailuak, homebrew jokoak… erabil zitekeen. Horregatik esan ohi da Wii-a emulatzaileak erabiltzeko kontsola merke eta aproposa dela.

 

 

Aurreko belaunaldietako kontsolen segurtasuna nola saltatu izan den gainetik errepasatuz:

 

8/16 biteko kontsolak (NES, SNES, Megadrive, Master System, Turbografx, Gameboy, GameGear, Gameboy Advance…): Hauek denak kartutxoetan oinarritutako kontsolak dira. Hauentzat gaur egun existitzen dira SD txarteldun kartutxoak, bertan ROMak sartuz kontsolak irakurtzen dituenak. Marka ezagun bat everdrive-ak dira. Hauek Krikzz ezizenaz ezaguna den mutil ukraniar batek eginak dira. Kalitate handiko flashcartak. Gehiago jakin nahi izanez gero bere web orria bisita dezakezue: http://www.krikzz.com

PS1: Esan bezala, txip bat instalatuz kontsolak CD kopiak irakurtzen ditu. Txip hau instalatzeko nahiko erraza da. Gaur egun ez da hain erraza topatzeko.

Nintendo 64: Kartutxoetan oinarrituta dagoenez honentzat ere flashcarta erabili beharra dago. Krikzzek badu honentzat ere bere kartutxoa.

Sega Saturn: Segaren kontsolarentzat txip bat badago segurtasuna saltatzeko, baina metodorik errazena beste bat da. 4MBko Action Replay (trukoentzako kodeak) kartutxoa modifikatuz zuzenean CD kopiak onartzen dituen metodo sinple bat da erabiliena.

Neo Geo AES: Gaur egur, nik dakidala kartutxo bat ateratzekotan daude flashcart bat hain zuzen ere. Baina ez dakit asko berari buruz. Kontsola garestiarentzat flashcart garestia.

PS2: Sonyren bigarren kontsolarentzat atera ziren txip ezberdinak, baina kasu honetan ere, metodorik errazen beste bat da. SWAP MAGIC izeneko CD/DVDekin CD/DVD aldaketa bat eginaz kontsolak CD kopiak orijinaltzat hartzen ditu. Bada beste metodo bat ere Free McBoot aplikazioa Memory Card-ean instalatuz erabilgarria.

GameCube: Txip ezberdinak atera ziren. Nik Qoob Pro bat ipini nion nireari 5 soldatze punturekin eta honen bidez kopiak irakurtzeaz gain, txiparen memorian homebrew aplikazioak instalatu zitezkeen.

DreamCast: Segaren azken kontsola izan zen DreamCast-aren kasuan, kontsolaren bi modelo atera ziren. Zaharrenean, ezer egin gabe zuzenean kopiak onartzen zituen kontsolak. Gaur egun kontsola erostekotan bazaudete, kontutan hartu ze bertsio ari zareten erosten, kopiekin jokatzea nahi baduzue.

Xbox Orijinala: Honentzat nik dakidala txip bat atera zen, eta honen bidez kopiak erabiltzeaz gain homebrewa ere erabili daiteke. Izatez oso ezaguna den CoinOp aplikazioaren bidez kontsola arcade makina bihurtu dezakegu.

Ps3: Firmware bertsio konkretu baterarte modu erraz batean CFW (Custom Firmware) bat ipini daiteke kontsolan, eta honen bidez nahi diren aplikazioak, baita joko kopia kargagailuak (Multiman ezaguna adibidez). Gainera, kontsola eguneratuta izanda ere, downgrade egiteko metodo fidagarri bat ere badago. Bestalde, ODE (Optical Disc Emulator) aparatuak ere badaude, baina hauek instalazio prozesu konplikatua dute eta ez daude edozeinen esku. Hardware/software azken berrikuspenetan ezin dira metodo hauek erabili (ez hain erraz behintzat).

Xbox 360: Bi ahulgune ezagun ditu kontsola honek. Alde batetik kontsolaren berrikuspen batzuetan RGH edo Jtag izeneko exploitak erabili daitezke. Baina nahi izanez gero DVD irakurgailuaren firmwarea partxeatu daiteke ere honek DVD kopiak onar ditzan.

Wii: Wiia metodo guztiekin pirateatua izan da: software bidez era oso erraz batean, txip bidez, ODE bidez… Gaur egun metodo errazena software bidez da, eta joko kopiak disko gogor batean gordeta izan daitezke gainera.

Wii U: Internet nabigatzailearen ahulgune batez baliatuz, webgune berezi bat bisitatuz joko kopiak eta homebrew-a exekutatu daitezke kontsolan. Gainera beste exploit bati esker, joko kopiak kontsolan orijinalak bezala instala daitezke. Gaur egun CFW-ak daude ere.

PSP: Kontsola izugarri honentzat CFW ugari existitzen dira. Bere garaian “Despertar del cementerio” izeneko metodoaz hackeatzen zen. Honek kontsolaren bateria modifikatzen zuen Test edo zerbitzu moduan sartzeko eta honen bidez CFWa instalatu.

Nintendo DS/DS Lite/Dsi: Aski ezaguna egin zen kontsola honentzat atera zen R4 flashcarta. Honen ondoren kontaezinak diren klon eta bertsio ezberdinak atera ziren.

Nintendo 3DS: Hasieran Gateway izeneko flashcart-a zegoen soilik. Honek kontsolaren ahulgune bat baliatzen zuen joko kopiak martxan ipintzeko. Gaur egun flashcart ezberdinak daude, eta CFW-ak ere erabili daitezke.

PSP Vita: Software bidez HEN (Homebrew Enabler) bat instalatu diezaiokegu era erraz batean, eta honen bidez joko kopiak kontsolan instalatu orijinalak balira bezala. Dakidanez, aldaketa hau ez da kontsola itzaltzean bertan geratzen beraz erabili nahi den aldi bakoitzean exploita exekutatu beharra dago.

 

Helburua, azken asteotan kontsolen scene-an egondako aurrerakizunak aitzakiatzat harturik kontsola ezagunenen egoera zein zen ikustea zen. Hemen egindako errepasoa ez da sakona izan, bestela artikulua asko luzatuko litzateke eta. Hala ere internet informazioz beterik dago nahi duenarentzat.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

164
Kide

0
Jolasten

7
Online

Azken erantzunak

Urtzi Odriozola Ira. 30, 2018, 11:09 p.m.

Kaixo!! Pozten gara!! Lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu honelako erantzunak ikusteak! Mila esker!
'Wonder Boy': klasiko baten gaurkotze arrakasta...

raulet7 Ira. 22, 2018, 10:30 a.m.

Egun on, Soy un chico de Barcelona y estoy interesado en conseguir el videojuego Jai Alai Spot para PC del año 2001. Si alguno de vosotros lo tie...
Lehen bideojoko euskalduna?

heaxpsd Ira. 12, 2018, 11:05 p.m.

Post baliagarri eta interesgarria, eskerrik asko konpartitzeagatik!
'Wonder Boy': klasiko baten gaurkotze arrakasta...

Bingen Galartza Iparragirre Ira. 6, 2018, 5:11 p.m.

Aupa Errazkin! aspaldiko! Jokalari beterenoak ez daukazue berriro erregistratu beharrik. Erregistratzeko orrialdea laster publikatuko dugu, hala er...
Minecraft zerbitzaria bueltan da

Bingen Galartza Iparragirre Ira. 6, 2018, 5:09 p.m.

Kaixo Iban! Ba zoritxarrez ez... Crossplaya Minecraft Windows Edition, kontsolak eta mugikorren artekoa da, baina gu Java Editionera jolasten gara....
Minecraft zerbitzaria bueltan da