Egitasmoko partaideekin “sare bidezko esperientzia” sortzeko prest egon den arren, ESAk proiektu hori ere alde batera utzi behar izan du.

2020ko E3a ospatu gabe geratuko da. Entertainment Software Associationeko arduradunek jakitera eman dutenez, “koronabirusaren inguruko kezkek sortutako egoera global horren aurrean jokatzeko modu egokiena” dela uste dute.

“Gure partaideekin industriako kide guztien -gure zaleak, langileak eta partaideak- osasun eta segurtasun arloko neurriak kontsultatu ondoren, Los Angelesen ekainaren 9tik 11ra programatutako E3 2020 bertan behera uzteko erabaki zaila hartu dugu”.

Erakusketaren arduradunentzat “etsigarria” da ekitaldia ez ospatzea, baina gaur egun koronabirusaren inguruan dagoen informazioa aztertuta “erabaki zuzena” hartu dutela uste dute.

Los Angeleseko Konbentzioguneak bideojokoen erakusketa handiena hartuko ez duen arren, ESAk partaide eta zaleei alternatiba bat aurkezteko lanetan aritu da azken asteetan. Zehazki, erakusketa “sare bidezko esperientzia” batean bihurtzeko proiektua aurkeztu zuten, streaming bidez bideojokoei buruzko iragarpenak eta berriak eskaintzen jarraitzeko.

Hala ere, proiektu hori ez da gauzatuko. Bideojokoen enpresa handiek iragarpenak beraien kabuz egingo dituzte, eta beraz ESAk ez du ekimen digital hori aurrera eramateko beharrezko zuen laguntza lortu. Hori dela eta beste enpresen iragarpenak hedatzeko lana hartuko du elkarteak, inolako ekitaldi propiorik egin gabe.

Iragarpen digitalak

Microsoftek eta Ubisoftek dagoeneko baieztatu dituzte beraien ekitaldi digital propioak, esaterako; Microsoften ekimenaren izar nagusia Xbox Series X kontsola berria izango da. Bestalde, IGN aldizkariak ere ekitaldi bat antolatuko duela iragarri du: Square Enix, Sega, 2K Games, Devolver Digital eta Bandai Namco egongo dira bertan, besteak beste. Gameplayak, trailerrak, irudiak eta elkarrizketak agindu dituzte IGNkoek. Aipatutako egitasmo digitalek ez dute datarik zehaztu oraindik.

Erakusketa bisitatzeko sarrerak erosi dituzten zaleei dagokienez, “sarrerengatik ordaindutakoa itzuli” egingo zaiela azpimarratu dute. E3 2021 ere aipatu dute; datorren urtean erakusketa egitea aurreikusten du ESAk.