Etor zaitez gurekin euskaldunak garela aldarrikatzera. Komunitate osoari zabaldutako auzolana abiaraziko dugu AEK-rekin batera martxoaren 4an.

22. Korrika martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo da. Euskara zabaltzea eta hedatzea du helburu ekimenak, aldi berean gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertuz eta euskaltegien eguneroko lana indartuz. AEK-k antolatutako ekintza Euskal Herritik zehar egingo da aurten beste batez, baina ez hori bakarrik: martxoaren 25ean ingurune digitalean ere gauza bera egingo du Game Erauntsiarekin batera prestatutako Korrika Digitalarekin.

Euskaldunak garela, eta horregatik euskaraz jokatu nahi dugula aldarrikatzeko ekimen hau Game Erauntsiaren Korrikako Minecraft zerbitzarian sortutako Euskal Herri birtualean egingo dugu: korrika.gamerauntsia.eus helbidean, hain zuzen ere.

Aurretik, baina, zeharkatuko dugun ibilbidea eratzeko eta txukuntzeko lanetan ariko gara.

 

Mapa birtuala sortzera elkarlanean

Hori lortzeko auzolana egitea proposatzen dizuegu; izan ere, komunitatearen laguntza beharrezkoa izango da eraikinak zein toki ezagunak sortzeko. Ostiralean, martxoaren 4an, hasiko dugu publikoari irekitako elkarlana, eta martxoaren 18ra arte ariko gara mapa prestatzen. Gure Discord zerbitzariaren bidez jarriko gara harremanetan; modu horretara laguntza eskatzea eta lan egiteko antolatzea erraztuko dugu.

Helburu nagusia Euskal Herriko zazpi hiriburuak eratzea izango da. Egingo den ibilbidea zehaztu ondoren hauentzako guneak ezarriko, kilometroak markatuko (guztira hamar egitea aurreikusten da) eta kartelak jarriko dira. Aurreko Korrika birtualean eraikitakoa aprobetxatuko da; modu horretara, azkarrago ariko gara, baina hala ere egindakoak txukuntzeko aukera edukiko duzue. Hiriburuekin batera beste hainbat gune adierazgarri sor ditzakegu.

Beraz, eraikitzen lagundu nahi baduzu martxoaren 4an 18:00etatik aurrera gure zerbitzarira sartzea besterik ez duzu izango. Eraiki beharrean guk egindako lana jarraitu nahi izanez gero, Twitchen izango gara zuzenean Game Erauntsiaren kanalean.

 

Euskara ingurune digitalean zabalduz

Guztia prest utzita, martxoaren 25ean egingo dugu Korrika birtuala: 18:30ean hasiko dugu ekimena. Eratutako mapa elkarrekin zeharkatzeari ekingo diogu, ibilbidea jarraituta eta sortutako hiriak eta guneak nabarmenduta.

Korrika birtualarekin batera minijokoentzako txokoa egongo da: Build Battle, OITC eta TNTRun probak abiaraziko ditugu ekimenari gatza eta piperra emateko.

Lasterka egiteko zein minijokoetan parte hartzeko ez da izena eman beharko; hala ere, lekukoa eramateko beharrezkoa izango da. Kilometro bakoitzean hartu nahi dutenen artean nork eramango duen erabakitzeko izen ematea zabaldu dugu martxoaren 23ko gauerdirarte. Zozketa bidez izendatuko dira lekukoaren hartzaileak eta martxoaren 24an jakingo dute hautatuak izan diren edo ez.

IZENA EMAN

Izena eman eta ekimenetan parte hartzen dutenen artean hainbat opari zozkatuko ditu AEK-k.

Nola ez, Korrika birtuala zuzenean emango eta grabatuko dugu: Twitchen egongo gara AEK-ko arduradunekin batera gure komunitateak egindako lana zabaltzeko.

Zuen laguntzaren zain egongo gara beraz. Anima zaitezte eta parte hartu!