Minecraft-en sortutako Euskal Herri digitala zeharkatuko dute bideojokozaleek eta euskaltzaleek AEK-rekin batera antolatutako ekimenean. Auzolana abiatu dugu: animatu!

Korrikaren 23. edizioak gure herriaren harrotasuna agerian jarriko du martxoaren 14tik 24ra. Aurretik, baina, gauza bera egingo du Euskal Herriko zortzigarren probintzian: digitalean. Korrika birtuala otsailaren 21ean itzuliko da euskaldunek euskararekiko sentitzen duten harrotasuna sarean nahiz bideojokoetan erakusteko.

Korrika birtuala, beste behin, AEK-ak Game Erauntsiarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da. Minecraft bideojokoan erabiltzaile euskaldunek sortutako Euskal Herri digitala zeharkatzea izango da helburua euskaldunak garela, eta, horregatik, euskaraz jokatu nahi dugula aldarrikatzeko.

 

korrika.gamerauntsia.eus zerbitzarian elkartuko gara lekukoa hartuta hiriburu batetik bestera eramateko elkarrekin!

 

Elkarlanean eraikiz

Aurreko Korrika birtualetan erabilitako mapan ariko gara berriz. Hala ere, asmoa hau handitzen eta txukuntzen jarraitzea da. Zuon laguntza beharko dugu horretarako: gaurtik 18ra arte auzolanean Euskal Herri birtualeko txokoak eta herriak atontzen ibiltzea proposatzen dizuegu.

Minecraft 1.20.4 bertsioa erabiliko dugu zerbitzarian: horrekin sartu beharko zarete. Hala eta guztiz ere, ahalik eta Korrika birtualik egokienaz gozatzeko gomendio batzuk gure aldetik: Java Edition erabiltzea gomendatzen dugu. Bedrock Edition-a erabiliz ere sar zaitezkete, gutxienez PCko zein Android gailuetako bertsioetan.

Nabigatzailetik kontsultatzeko mapa, world edit tresna nahiz Korrikarekin lotutako edukiak eskaintzeko eduki bereziak prestatu ditugu. Gure Discord zerbitzaria erabilita antolatuko gara auzolanerako; txatak eta ahots bidezko kateek laguntza eskatzea eta lan egiteko pausoak bideratzea erraztuko digute.

 

Euskal Herriko zazpi hiriburuak eratuta daude mapan, bestelako hiri eta guneez gain. Dena den, horiek are gehiago hobetu nahi ditugu elkarlanean, baita orain arte sortu gabeko herriak eraiki ere. Sormen modua erabiliko dugunez, hartu nahi dituzun bloke eta material guztiak zure etxea zein nahi dituzun gune maiteak Euskal Herri digitalean sortzeko: zure esku dago!

23. Korrikak egingo duen ibilbidea jarraituko du bertsio digitalak: Irundik hasita Baionara iritsiko gara, Mauletik, Donibane Garazitik, Iruñetik, Gasteiztik, Bilbotik eta Donostiatik igarota. Hauentzako guneak ezarriko, kilometroak markatuko eta kartelak jarriko ditugu auzolanean.

 

Anima zaitez!

Auzolana burututa, Korrika birtuala otsailaren 21ean egingo dugu: 18:30ean hasiko dugu ibilbidea. Bideojokozale euskaldunok elkarrekin abiatuko gara, guztiok batera sortutako mapa zeharkatuz.

Minijokoak bueltan dira, gainera: Build Battle, OITC eta TNTRun probekin bukaera aparta emango diogu Korrikari.

Parte hartzaileek opariak irabazteko aukera izango dute! Korrika birtualean zabiltzatenon artean Korrikako kamisetak zozkatuko ditugu: izena eman beharko da horretarako.

Nola ez, Korrika birtuala zuzenean emango eta grabatuko dugu: Game Erauntsiaren YouTube katetik jarraipena egingo da!

Zuen laguntzaren zain egongo gara beraz. Anima zaitezte eta parte hartu!