Zerbait berria eskaintzeko bidean egindako “apustu handia” dela diote Riot Games-koek. EVO txapelketan demoa eskainiko dute.

Riot Games taldeak prestatzen dabiltzan borroka bideojokoari buruz xehetasun berriak eskaini ditu. League of Legends MOBA tituluaren unibertso ezagunean girotutako Project L itxurosoak berezitasun berritzailea proposatuko die jokalariei: 2vs2 borroketan parte hartzea.

Binakako dueluak txandakakoak izango dira. Tag estiloko borroka jokoetan ohikoa izaten den bezala (ia) edozein unetan alda dezakegu pertsonaiz; Project Lren kasuan, borrokalaria txandakatzerakoan gauza bera gertatuko da jokalariekin. Hori horrela, LoLen jatorrizko osagai soziala mantenduko dute garatzaileek.

Lankidetza sustatzeko mekanikak prestatu dituzte garatzaileek: txanda pasa ez da soilik eraso egiteko unean emango, gure adiskidea babestera ere joan gaitezke, besteak beste. Horretarako Fuse izeneko sistema eratu dute. Binaka jokatzerakoan ezaugarri edo mugimendu bereziak gehituko dituen eraldatzailea dela esan daiteke.

Bideoan Fuse sistemako aukeretako bat erakutsi dute, 2x Assist: txanda pasa bakarra egin beharrean, bata bestearen atzetik bi egiteko abilezia.

Nola ez, 2vs2 norgehiagokak ez dira Project Lren modalitate bakarra izango. Banakako borrokak ere ikusiko ditugu, non jokalari bakarrak bi heroi kontrolatuko dituen; ez hori bakarrik, 2vs1 dueluak prestatzen dabiltza. Aukera sorta anitza eskainita, edozein jokalarirentzako aproposa den borroka jokoa sortu nahi dute Riotekoek.

Jokalariek laster probatu ahalko dute Project L; tamalez, gutxi batzuentzako aukera izango da. Abuztuak 4tik 6ra bitartean Las Vegasen egingo den EVO txapelketa ospetsuan LoLen borroka jokoaren demoa egongo dela iragarri dute arduradunek.

Argitaratze datarik gabe, eta plataformak zehazteke, Project L kaleratzeko oraindik asko geratzen dela dirudi. Zorionez, garatzaileek “laster” berritasun gehiago eskainiko dituztela diote.