Thunderful Games eta Clockstone estudioek diorama ederrez osatutako erronkak prestatuko ditu aurten estreinatuko den bideojokorako.

Lego frankizian oinarritutako proposamen interesgarriak ikusten jarraitzen dugu, hainbat hamarkadetan TT Games-en film desberdinetako abenturak ikusten ibili ondoren. Joan den urtean kaleratutako Lego Builder’s Journey interesgarriaren ostean, iragarri berritako Lego Bricktales itxurosoak puzzle gehiago proposatuko ditu.

Adimena erabilita gainditu beharko ditugun diorama ederrak ikusiko ditugu Thunderful Gamesen eta Clockstonen tituluan. Bost girotze desberdinekin, piezak erabilita elementuak eraiki eta puzzleak gainditzeko ideiak otu beharko zaizkigu: oihanak, basamortuak, hiriak eta irlak bisitatuko ditugu.

Kokaleku bakoitzean jokalarien laguntza beharko duten pertsonaia desberdinak ezagutuko ditugu. Horiei lagunduta bestelako puzzleetan aurrera egiteko abileziak eta elementuak lortzea izango da helburuetako bat. Errege batentzako tronua edo ibai bat zeharkatu ahal izateko zubia eraikitzea izango dira, besteak beste, Bricktalesen ikusiko ditugu desafioak.

Erronkak gainditu ondoren nahi bezalako eraikuntzak sortzeko aukera egongo da Sandbox joko motarekin. Desblokeatutako elementuekin sor daitekeenaren zerrenda areagotzen joango da.

“Imaginazioa eta sormena sustatzea” izango da obraren jomugetako bat Kate Bryant Lego Games Portfolio-ko buruaren arabera. Modu horretara, gazteei zein helduei zuzendutako titulua izango da Legorena.

Argitaratze plataforma guztiak zehaztu gabe utzi dituzten arren, Steam-en estreinatuko dela baieztatu dute arduradunek. 2022an kaleratuko dela diote, beraz laster are berri gehiago izango direla suposatzekoa da.