Denetarik diseinatzea eta kudeatzea da helburua, beste hiri sortzaile handienek egin bezala. Egungo kontsoletan eta PCan argitaratuko du Iceflake Studios taldeak.

LEGO Skylines aurkeztu du Paradox Interactive argitaletxeak. Hiriak sortzen eta eraikitzen jarriko gaituen simulagailua izango da, Iceflake Studiosek garatutakoa.

Trailer zinematikoarekin xehetasun gutxi eskaini badituzte ere, prentsa oharrarekin hiri eraikuntza simulagailu handien oinarriak eta beharrak bereganatuko dituen titulua izango dela ikus dezakegu. Herritarrak pozik —eta bizirik— jarraitzeko argindar, janari edo ur baliabideak kudeatu beharko ditugu, ospitaleak eraiki, trafikoa bideratu… baina guztia LEGO piezak erabilita egingo dugu.

Irudietan ikus daitekeenez, pieza mota desberdin ugari edukiko ditugu eskura, eta denetarik sortzea ahalbidetuko digute: pertsonalizazio aukera ugari ere egongo direla adierazi dute egileek. Eraikin klasikoak, parkeak, hirigune handiak, baserriak, kostako herrixkak… zentzu horretan, jokalariak pozik geratzeko moduko lana egiten dabiltzala dirudi.

Garatzaileek, besteak beste, Cities Skylines II sortu dute. Ez ditu baloraziorik onenak izango, baina halako bideojokoetan dagoeneko esperientzia dutela ikusteko balio digu.

Argitaratze datarik gabe, PCan eta PlayStation 5, Switch 2 nahiz Xbox Series kontsoletan argitaratuko da LEGO Skylines.