Bederatzi filmetako edukiak agindu dituzte: 300 pertsonaia, 100 ibilgailu eta esploratzeko 23 planeta bilduko ditu abenturak.

Star Wars sagako film nagusietako gertakizun guztiak batuko dituen Lego Star Wars: The Skywalker Saga joan den urteko udaberrian kaleratzea aurreikusten zen, baina berandutze luzea jasan du abenturak. Hainbat hilabetez desagertuta egon ondoren, Warner Bros. Games-ekoek eta TT Games-ekoek argitaratze data baieztatu dute: apirilaren 5ean merkaturatuko dute PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan.

Sei minutuko trailer luzearekin egin dute iragarpena. Ez da harritzekoa, abentura edukiz beteta baitator. Izarretako Gerraren bederatzi filmetako edukiak eskainiko ditu Legoren bideo-jokoak. Ohi bezala akzioa eta plataformak izango dira nagusi, puzzle sinpleekin apainduta.

Esploratzeko 23 planetetan 300 pertsonaia kontrolatu ahalko dituzte jokalariek. Luke Skywalker, Darth Vader, Obi-Wan Kenobi, Leia, Han Solo, Yoda, Chewbacca… izena badu, hautatzekoen artean egongo da. Bakoitzak, gainera, abilezia bereziak edukiko ditu. Puzzleak gainditzeko aproposena aukeratzea inoiz baino zailagoa izango da.

Ibilgailuak ere egongo dira, noski; 100 bat aipatzen dituzte, eta espazio ontziak nabarmentzekoak dira : hauek gidatuta sekulako dueluak bizi ahalko dira zeruetan.

Lego frankiziako jokoak geroz eta landuagoak eta handiagoak izaten joan dira TT Gamesen eskutik; hala ere, hurrengo hau beste maila batera igaroko dela dirudi eskaintzen duen guztiarekin.

PCra eta kontsoletara apirilaren 5ean iritsiko da Lego Star Wars: The Skywalker Saga.