Twitterren ikusi nuen txio batek nire arreta piztu eta ezagutzen dudan bideojoko euskaldun zaharrenaren bila hasi nintzen. Duela egun batzuk etxean aurkitu nuen hau eta garai hartan egunkariren batekin banatu zela ziur naiz, baina ez dakit orduan zehazki zein izan zen nire kasuan. "Lehen bideojoko euskalduna", halaxe dio behintzat jokoaren kaxako azalak. Pieza honen adinaren bila sarean ibili ostean, 2000. urtekoa da lortu dudan lehen erreferentzia, Argia astekarian hain zuzen ere.

3DNews eta Bumeran enpresen eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulangutzei esker, Euskara zure unibertsoan kanpainaren baitan aurrera ateratako proiektua izan zen. Jokoa oso sinplea da: arraunlarien kemena (indarra/nekea) kontrolatu behar duzu eta horren arabera, erritmo bizia edota motela finkatu. Gainera Kontxako hondartzan bakarrik jolas daiteke... oso errepikakorra da beraz jokoa. Ni azkar aspertu nintzen... Espektatiba handiak nituen garai hartan, baina hantxe hondoratu ziren denak :(

Egia esan ordenagailuaren errekurtso eskakizunei begiratu besterik ez dago jokoaren adina eta sinpletasuna ikusteko:

  • Pentium2, 200MHZ
  • 16 bit kolore
  • Sound Blaster bateragarria
  • 16MB RAM
  • 60MB disko gogorrean
  • Window 95/98 sistema eragileetarako

Konparatu gaur egungo edozein jokoren eskakizunekin... Zenbat horrelako joko gorde ditzakegu USB batean??


Ondoren etorri ziren hurrenez hurren "Mendizaleak" edota pilotako "Jai Alai" jokoak ere. Hemen 2001.urtean Argiak plazaratutako erreferentzia. Eta The Balden pilota jokoari buruz egin zuten kritika ere:

Euskal pilotako simulagailua izenpearekin (simulagailu bat dela esateko behar diren pilotak agian?) eta 3D azeleragailua behar duen bideojoko honetan (non?) Josetxo Lizartzaren esatariak aurkitu dugun gauza hoberena da. Euskal pilotaren inguruan egin dan jokurik oberena dela beldurrik gabe esan dezakegu, hau bakarrik dago eta. Esandakoa, Estropadak edo Mendizaleak gustoko izan bazenituen, hemen daukazu orain Jaialai.


Jokoak sinpleak eta errepikakorrak ziren... baina beno, nonbaitetik hasi behar izango zuten ezta? Egia esan, orduz gero oso bakanak izan dira euskaraz argitaratu diren jokoak... Baina hauek al dira lehen bideojoko euskaldunak? Zaharragorik ezagutzen al duzue?

Bide batez, norbaitek estropaden jokoa probatu nahi badu, partida pare bat jolasteko bada ere, eskatu eta pasako diot.