Beti gustatu izan zaizkit askoren ustez "pelikula interaktiboak" diren joko hauek, pertsonaienganako sorrarazten didaten enpatia dela eta, batez ere. Horixe dela eta da Heavy Rain nire joko gogokoenetako bat, eta Life is Strange joko berriak haren aztarna batzuk dituela entzutean, berehala erosi nuen Steam-en. Hainbeste gustatu zait, ezen hari buruz zuei hitz egitea erabaki baitut!
Life is Strange bost ataleko bideojokoa da, oraingoz bi atal argitaratu dituztelarik. Max izeneko neska nerabe argazkilariaren azalean egongo gara bere bizia aldatuko duen botere bat topatzen duenean: denbora atzerantz botatzeko gai dela konturatuko baita. Bere gaztaroko lagun Chloe ezagutuko du berriro, azken aldiz ikusi zuenetik asko aldatu dena, eta biek elkarrekin Max-en botereari ahal bezain beste probetxu atera beharko diote, aldaketa klimatikoak eragindako zurrunbilo erraldoi bati aurre egin ahal izateko.
Askok diotenez, gidoi narrats samarra du. Ez da hau, ordea, nire iritzia, zatiren batean pixka bat "kutrea" bada ere, oro har primeran idatziriko nerabe abentura delakoan bainago. Jokoaren mekanika nagusienetako bat erabakiak hartzea da, eta hauek oso ondo daude lotuak, eragina benetakoa dela argi dago (joko batzuetan erabaki guztiek toki berera eramaten zaituzte... Zer zentzu du horrek?). Erabaki batzuk hartzeko zailak dira, eta asko pentsarazten dute, nahiz eta hasiera batean ez diruditen oso erabaki handiak. Guztiz identifikatua sentitu naiz jokoaren hainbat ataletan, eta honek pertsonaiak zaindu nahi izatea eragin dit, nolabait. Pertsonaia oro oso ondo garaturik dago, ez dirudite dimentsio bakarrekoak inondik inora ere. Niri oro har izugarri gustatzen ari zait istorioa, behintzat!
Denbora mugitzearen mekanikak oso ondo diseinatuta daude, oso errazak baitira ulertzeko eta nahikoa askatasun ematen baitute. Puzzle batzuk ebazteko erabiltzen da gehin bat, baita harturiko erabakiak desegiteko ere. Jokoari izaera asko ematen dio honek, oso dibertigarria izateaz gain.
Grafikoak ezin hobeak iruditzen zaizkit. Ez teknikoki izugarriak direlako, euren nortasunagatik baizik. Ez ditu "next-gen" efektuak, edota ikaragarrizko HD testurak, baina eskuz marrazturik daudela dirudite, eta oso ederrak dira. Argi efektu epelak ditut bereziki atseginak.
Asko gustatu zaidan beste gauza bat musika izan da, hainbat artista Indie ezagun eta ezezagunen abestiak aurki baitaitezke jokoan zehar. Adibide gisa, trailerrak ikustea besterik ez dago, kanten aukeraketa primerakoa dela ikusteko.
Maiatzean aterako da hirugarren atala, "Out of time", eta ni itxaron ezinik nago. Guztiz gomendagarria delakoan nago, Call of Duty bateko akzioaz haratago doazen edozein bideojoko zalerentzat, behintzat.
Xabi
//from Indie Totem
Iruzkinak (7)
Xabi March 27, 2015, 12:53 p.m.
Aupa Iker! Quantic Dream-en jokoak izugarriak dira, bai. Beyond-ek kritika negatibo ugari jaso zituen, ez dakit zergatik, niri oso ona iruditu zitzaidan. Ezagutzen Fahrenheit? 2004ko jokoa, aurten atera da remasterizazio bat, argitaratu zen egunean erosi nuen eta oso ondo dago naiz eta urteak oso nabariak izan. Eskerrik asko zure iritziagatik :)
Urtzi Odriozola March 27, 2015, 1:12 p.m.
Aupa bikote!! Jokoa gure katalogoan sartu dugu :D
Xabi, bikaina analisia! Ni linuxekin erabat egoskortuta nagoelako.... Joko asko probatzeko gogoekin geratzen naiz beti, baina... burugogorra naiz eta :__)
Iker Ibarguren March 29, 2015, 12:37 a.m.
Oraintxe amaitu dut lehen atala, ta erabat atrapatu nau ;) bigarrenari ekiteko gogo biziz orain! gero beste atalen zain egon beharko
lowena March 30, 2015, 9:59 a.m.
Joko hau guztiz gogoko dut! Istorioa izugarri ona da eta Chloe-rekin maiteminduta nago. :x Bosgarren atala amaituz gero, nire jokorik gogokoena izango dela uste dut! ^-^
Ander Intxaurrondo March 30, 2015, 6:11 p.m.
Nik atal guztiak argitaratu arte itxoingo dut. Inoiz ez dut filme interaktibo batera jolastu, gomendagarria al da hau hasiberri batentzat?
Xabi March 30, 2015, 6:41 p.m.
Kaixo Ander! Zalantzarik gabe, bai! Nire genero honetako lehen jokoa Heavy Rain izan zen, 15 urte inguru nituela, eta oso gogorra egin zitzaidan, egia esan... Hau lasaiagoa da, eta nahiz eta baduen bere mamia, alaia da gehienetan.
P.D.: Iowena, Chloe? Ez dakit zergatik, baina pertsonaia nerabe errebeldeak ez ditut oso gustoko. Max askoz ere interesgarriagoa suertatzen zait, ixila eta nolabait misteriotsua... Identifikatuagoa sentitzen naiz berarekin ile urdineko gaztearekin baino!