Ostegunean emango dute Square Enix Presents ekimena Youtube eta Twitch bidez. Just Cause Mobile, Avengers eta gehiago agertuko dira bertan.

Nintendo Direct, State of Play edota Xbox Showcase bezalako aurkezpen digitalen modara gehituko da Square Enix ostegunean. Iragarri duen Square Enix Presentsek enpresa japoniarraren etorkizuneko bideo-jokoei buruz mintzatzeko balioko du.

Bertan hainbat iragarpen ikusiko dituzte zaleek, eta garrantzitsuena aurreratu dute Squarekoek: Life is Strangen hurrengo atala aurkeztuko dute lehen aldiz. Protagonista berria edukiko du jokoak, eta bere ahalmenak ere orain arte ikusi gabekoak izango direla nabarmendu dute japoniarrek.

Lara Croftek 25 urte betetzen ditu, eta Tomb Raiderren iragana zein etorkizuna izango da aurkezpenaren beste protagonistetako bat. Orain egun batzuk Tomb Raider Trilogy filtratu zen sarean; ikusteko dago benetakoa den edota esploratzaileak abentura berri batekin ospatuko duen bere 25. urteurrena.

Horiez gain Outriders, Marvel’s Avengers, Balan Wonderworld eta Just Cause Mobile lanei buruzko iragarpenak eta berritasunak agindu dituzte prentsa oharrean. Gainera Square Enix Montreal garatzen ari den mugikorretarako joko berriak erakutsiko dituzte, baita Taitoren proiektuak ere.

Aipatutako guztia 40 minutuko iraupena edukiko duen ekimenean laburbilduko dute. Square Enix Presents ostegun honetan emango da enpresaren Youtube eta Twitch kanalen bitartez 18:00etatik aurrera.