Protagonista eta botere berriak batuko ditu sagaren hirugarren jokoak. Deck Nine Games garatzailea arduratuko da jokoaren garapenaz.

Square Enix Presents ekimenaren baitan aldez aurretik iragarrita zegoen Life is Strange berriaren aurkezpena, eta enpresa japoniarrak abentura interaktiboen sagako atal berriari buruzko xehetasun guztiak eskaini zituen. Life is Strange: True Colors izango da sagaren hirugarren atala.

Lehen Life is Strange garatu zuen Dontnod estudioaren lana izan beharrean, 2017an Life is Strange: Before the Storm spin-offa prestatu zuen Deck Nine Games hartuko du berriz jokoa prestatzeko ardura. Protagonista berria ezagutuko dute zaleek True Coloresen: Alex Chen gazteak bere nebaren hilketa ikertu beharko du abentura honetan.

Nola ez, protagonistak ahalmen berezi propioak edukiko ditu ohi bezala. Alexen kasuan, ezagutuko dituen pertsonen emozioak kontrolatzeko aukera izango du horien aura berezia aztertu ondoren.

Alderdi teknikotik hobekuntza nabarmena dakar True Colorsek aurreko jokoekin alderatzen bada. Arduradunek zehaztu dutenez pertsonaiei mugimendu harrapaketarako jantziak erabili dituzten aktoreen bidez emango zaie bizia lehen aldiz sagan. Heavens Springs izango da esploratu beharreko herrixka: xehetasun guztiekin eratutako tokia izango dela azpimarratu dute Deck Ninekoek.

Life is Strange: True Colors PC, PS4, PS5, Xbox One eta Xbox Series plataformetarako argitaratzea aurreikusten dute arduradunek: irailaren 10erako prest edukiko dute.

Aurreko ataletara berriz jokatzeko aukera

Hirugarren jokoa iragartzearekin batera, Square Enix Presentsean aurreko Life is Strange lanak batuko dituen bilduma aurkeztu zuten japoniarrek.

Life is Strange: Remastered Collectionek Life is Strange 1, 2 eta Before the Stormen hobetutako bertsioak bilduko ditu. Aipatutako hobekuntzen artean eraberritutako animazioak daude. Birmasterizazioen bilduma urte honetako udazkenean merkaturatuko da; plataformak zehaztu gabe utzi dituzte.