Kazuma Kiryu, edo, Joryu, espioiak dozenaka egiteko izango ditu azaroaren 8an hasiko duen abenturan.

Sega eta Ryu Ga Gotoku Studio taldeek Yakuza saga famatuko hurrengo atalaren jokagarritasuna aditzera eman dute. Horretarako, Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name-n mekanika mordoa azaltzen dituen bideo luzea prestatu dute japoniarrek: zazpi minututan istorioaren zertzeladak, borroka eraberrituak, eta, zelan ez, misio eroak erakutsi dituzte.

Sagaren zaleek ondo ezagutzen duten Kazuma Kiryu izango da berriz protagonista. Yakuza 6: Song of Life-n jazotako gertaeren ostean beste modu batera deituko diote bete behar duen misioa arazorik ez edukitzeko, baina: Joryu.

Izan ere, oraingoan espioitza lanetan ariko da Kiryu. Horretarako tresna eta erreminta desberdinak eskainiko dizkiote bere nagusiek: borroketan agente estiloa erabilita ziztu bizian dozenaka arerio akatzeko gai izango da. Sareak, bonbak, dronak eta askoz gehiago izango ditugu eskura orain arteko duelurik ikusgarrienetan parte hartzeko.

Yakuza estiloak Kiryuren ohiko borrokatzeko modua suposatuko du. Sekulako triskantzak eragingo ditugu mafioso ohiaren kolpe latzekin.

Arduradunek aipatu dutenez, Gaiden ohikoa baino abentura txikiagoa izango da —askok eskertuko duten aldaketa, ziurrenik—.

Hori bai, ez pentsa bigarren mailako misio eta topaketa eroak ahaztuko dituztenik. Bideoan armadekin borrokatzeko hondar bereziak, Kiryuren itxura aldatzeko janzkerak, jostailuzko autoen lasterketak, Segaren retro arkade jokoak, eta, argi zegoen bezala, kabaretaren minijokoaren buelta ageri dira.

Modu horretara, aurreko Like a Dragon abenturan (Yakuza 7) ikusitako JRPG elementuak alboratuko dituzte RGG Studiokoek; hala ere, horiek datorren urtean estreinatuko den Like a Dragon: Infinite Wealth-en ikusiko ditugu berriro. Pixkat lehenago, Gaidenen jokatzen badugu: Kasuga Ichiban protagonistaren hurrengo tituluaren proba eskainiko dute Kiryuren jokoan.

Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name ordenagailuan eta PlayStation nahiz Xbox kontsoletan estreinatuko du Segak. Azaroaren 8tik aurrera jokatu ahalko dugu.