Gex, Tomba, Karateka, Clock Tower, Castlevania eta askoz gehiago agertu dira udako bideojokoen zuzenekoan.

Udako aurkezpen handiak bukatuko ziren, baina argitaletxeek eta enpresek beren kabuz ekimenak abiatzen jarraitzen dute. Azkena Limited Run Games argitaletxearena izan da. Obra klasikoetan adituak izanda hainbat altxor berreskuratu dituzte; ez hori bakarrik, titulu berriak ere iragartzera animatu dira, modu horretara “E3a salbatzera” datozela aldarrikatuz.

Ordu erdi pasata iraun duen ekimena izan da LRG3 2023a. E3ari behin eta berriz keinu egin diote umorez betetako pasarteekin, baina bideojokoak izan dira ardatza, inolako zalantzarik gabe. Erritmo biziarekin bi dozena inguru titulu aurkeztu dituzte. Ezagut ditzagun nabarmenenak.

 

Gex Trilogy

Gex bueltan da. Gex, Gex: Enter the Gecko eta Gex 3: Deep Cover Gecko umorez betetako plataforma abentura klasikoak elkartuko dituen bilduma kaleratuko dute LRGekoek. Ez dute askorik erakutsi: James Bond espioiaren parodiarekin iragarri dute trilogia.

Plataforma nagusietan jokatu ahalko da, baina ez dakigu noiz: PC-an eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan kaleratuko dute Square Enix-ekin batera.

 

Tomba!

Ba bai, Tomba ere itzuliko dela dirudi. PSX kontsolako plataforma joko klasikoa egungo gailuetara eramateko proiektua abiatu dute Carbon Engine garapen motorea erabilita. Gainera, Tokuro Fujiwara Tombaren sortzailearekin elkarlanean dabiltza, eta Fujita Harumi musikagileak sortutako soinu banda berria edukiko du.

Ez dakigu argitalpen datarik, baina bai plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch gailuetan ikusiko dugu Tomba.

 

Castlevania Advance Collection

2020an estreinatutako Castlevania Advance Collection interesgarriaren edizio fisikoa kaleratuko dute LRGkoek Konami-rekin elkarlanean. Horrela, jatorriz Game Boy Advance kontsolan estreinatutako Circle of the Moon, Harmony of Dissonance, Aria of Sorrow eta Dracula X —azken hau SNES-koa zen— biltzen dituen bermasterizazioak kartutxoan eduki ahalko ditugu.

Nintendo Switchean eta PlayStation 4an merkaturatuko dute edizio fisikoa; uztailaren 28an abiatuko dituzte erreserbak. Digitalean, bestalde, Xboxerako eta PCrako ere badago.

 

The Making of Karateka

Jordan Mechner sortzailea Prince of Persia-gatik ezaguna bada ere, bideojokozale beterano askok ezagutzen dute bere beste maisulana, Karateka. Honen garapen prozesuan murgiltzeko bideojoko interaktiboa izango da The Making of Karateka berezia.

Bideoak, irudiak eta txostenak eskaintzeaz gain, bideojokoaren bertsio desberdinak bilduko ditu. Interesgarriena, ziurrenik, bermasterizazio berria izango da. Plataforma nagusietan estreinatuko dute etorkizunean Digital Eclipse Games-koek. Gold Master Series bildumako lehenengo jokoa izango dela diote; alegia, beste klasikoekin antzeko dokumental elkarreragileak eratu nahi dituzte.

 

Shantae Advance: Risky Revolution!

Titulu benetan bereziaren aurrean gaude Risky Revolutionekin. Orain bi hamarkada garatzen hasitako Shantae originalaren jarraipen zuzena da; Game Boy Advance kontsolarako abiatutako proiektua bertan behera geratu zen, baina WayForward-eko garatzaileek egindako lana berreskuratu dute gaur egungo plataformetan kaleratzeko.

Ez hori bakarrik: LRGrekin GBA kontsolarako bertsioa merkaturatuko dute. Modu horretara, retro bideojoko “berria” dugu Shantaerena.

 

Clock Tower

SNES kontsolan 1995. urtean estreinatutako Clock Tower klasikoak bermasterizazioa jasoko du gaur egungo plataformetarako. Beldurrezko elementuak abentura grafikoenekin uztartzen zituen: Scissorman arriskutsuarengandik iheska ibiliko gara misterioak argitu bitartean.

Bertsio berriak atal grafikoa mantendu, baina hainbat berritasun gehituko ditu: musikak zein animazioak, adibidez. 2024an argitaratuko dute plataforma nagusi guztietan.

 

Jurassic Park Classic Games Collection

Klasikoen bildumekin jarraituz, Parke Jurasikoaren filmetan girotutako hainbat joko elkartzen dituen titulua iragarri dute LRGren aurkezpenean. SNES eta Game Boy kontsoletan kaleratutako Jurassic Park nahiz Jurassic Park 2: The Chaos Continues aipatu dituzte oraingoz, baina bildumak are titulu gehiago ekarriko dituela ere azpimarratu dute. Nola ez, berrikuntzekin eta ezaugarri bereziekin ailegatuko dira.

Modu horretara, filme originalaren 30. urteurrena ospatu gura dute. Plataforma nagusietan argitaratuko dute Jurassic Park Classic Games Collection.

 

… eta askoz gehiago

Esan bezala, Limited Run Gamesekoen aurkezpenak askoz bideojoko gehiago bildu ditu: Tiger-HeliRoller Coaster Tycoon 3: Complete EditionEl Shaddai: Ascension of the Metatron HD RemasterThis Way Madness LiesGargoyles Remastered eta beste zenbait iragarri dituzte zuzenekoan.

Ekimen osoa hemen ikus dezakezue: