Dingaling Productions taldeak era guztietako edukiak gehituko dizkio 2014. urtean kaleratutako RPG abenturari. Doakoa izango da jokoa dutenentzat.

LISA bideojokoak berritasunak jasoko ditu laster. Dingaling Productionsek eta Serenity Forge argitaletxeak jakitera eman dutenez, Definitive Edition deitutako behin betiko bertsioa argitaratuko dute uztailaren 18an.

Definitive Editionak dozenaka aldaketa eta berrikuntza gehituko dizkio 2014ko jatorrizko bideojokoari; titulua erosita dutenek eguneratutako bertsioa dohainik jasoko dute.

Atal teknikoari dagokionez, berregindako HD grafikoak zein interfazea inplementatuko dituzte. Bestalde, abenturak misioak, buruzagien aurkako borrokak, sekretuak nahiz eduki gehigarriak, sutondoko hizketaldiak, musikaz gozatzeko menua edo modalitateak jasoko ditu behin betiko bertsioari esker. Eguneraketutako borroka sistema ere ikusiko dugu, bukatzeko.

Berritasunok LISA: The Painful oinarrizko bideojokora zein honen istorioaren amaiera kontatzen duen LISA: The Joyful espantsiora iritsiko dira. Garatzaileek ez dute doako titulu originala, LISA: The First, aipatu, baina honen berrikuntzak ikusi gabe geratu arren suposatzekoa da bertan ikusitako unerik garrantzitsuenak beste bi jokoetara eramango dituztela.

EarthBound edo Undertale bezalako JRPG abenturen mekanikak hartzen dituen, baina aldi berean istorio eroa, umoretsua zein gogorra uztartzen dituen titulu sinplista dugu LISA. Oinarrizko 2D estetika xarmagarriak duela 30 urteko jokoak gogora ekartzen ditu, gainera.

Borroketan parte hartzen ariko gara, noski, baina LISAren benetako mamia erabakietan aurkitzen da: egiten dugunaren arabera gidoia zeharo alda dezakegu.

Protagonistak hilko dira, herrixkak suntsituko, eta askoz gehiago. Adibidez, taldeko heroietako bat salbatzeko protagonista nagusiak begiak edo besoak gal ditzake, abentura osoan bere gaitasunei eraginez. Argi dagoenez, gertakizun latzak biziko ditugu LISAn: bortxaketak, mutilazioak eta gehiago biltzen ditu obrak.

Hori guztia zorakeria dibertigarriekin batzen du: egoera surrealistak, minijoko eroak eta era guztietako sekretuak ikus daitezke Dingalingen bideojokoan.

Esan bezala, LISA Definitive Editionen gehikuntza guztiak uztailaren 18tik aurrera proba ditzakegu.