2021eko State of Play aurkezpenean ikusi genuen azken aldiz Neostream Interactive estudio korearraren abentura ederra.

Little Devil Inside abentura jokoaren bideo berria jaso dugu. Sei minututan Hego Koreako Neostream Interactive taldearen tituluaren jokagarritasuna ezagutzeko balio digu.

Obra bitxi bezain berezia izango da. Abenturazale baten rola beteko dugu, mundu zabala esploratuz. Herrixkak, basoak, mendiak, meatzeak, saltokiak, tabernak eta askoz, askoz gehiago bisitatuko ditugu, ibilgailuetan nahiz oinez.

Istorioak, pasadizoak eta bitxikeriak aurkituko ditugu leku bakoitzean. Bideoan, adibidez, gure kanpamentuan gerta daitezkeenak ageri dira: afaria prestatu ondoren bidelapur taldea hurrera daiteke gure plateraren usainak erakarrita… gure esku egongo da hauek borroka eginez uxatzea, edo afaria partekatzea.

Halako egoerak proposatuko dizkigu Little Devil Insidek atal grafiko ederraz baliatuta. Esplorazioa, hizketaldiak, puzzleak zein borrokak uztartuta, nortasunez betetako lana eratu nahi dute korearrek.

Lan handia, baina 2015etik prestatzen dabiltzan abentura dugu: ordu hartan bideojokoa garatu ahal izateko Kickstarter kanpaina abiatu zuten, 180.000 euro baino gehiago eskuratuta. Bideo berriak ezustean harrapatu gaitu; izan ere, jokoa 2021eko urrian egindako State of Play aurkezpenean ikusi genuen azkenengoz.

Kickstarter orrialdean bizitako arazoak eta oztopoak aipatzen dituzte garatzaileek: “Bi anairen ametsarekin hasi zen”, diote, kanpainan jasotako babesa eskertuz. Hortik jaio zen taldeak hainbat pertsona izan dutela nabarmendu dute, “bideojoko itzela egiteko bidean hainbat pertsona handi etorri eta joan direla” aldarrikatuz.

Orain, “helburu amankomuna duen” talde txikia izatera igaro direla diote arduradunek. “Badakigu ez dituela eta ez lituzkeela atzerapenak edo albisteen gabezia justifikatu beharko, baina oraindik hemen gaude, egon gara, eta egongo gara”.

Zoritxarrez, Little Devil Insidek argitaratze datarik gabe jarraitzen du: hauek oraindik adosten dabiltza. Kontsola nagusietan zein PCan estreinatuko dute Neostreamekoek, plataformak berdin mantentzen badira behintzat.