Android eta iOS gailu mugikorretarako joko honetara euskara hutsean jokatu daiteke. Talde bat kudeatzeko ardura hartuko dute jokalariek.
Donostiako Xagu Studios garatzaileak bere Live Cycling Manager sagaren atal berria kaleratu du gailu mugikorretarako eta tabletetarako. Txirrindularitza talde bat kudeaketzeko helburua duen Live Cycling Manager 2021 Android eta iOS sistema eragileetarako eskuragai dago.
Izan ere, “behin betiko txirrindularitza manager jokoa” dela diote arduradunek. Aukera mordoa eskaintzen die jokalariei: taldea zerotik sortu eta bere izena, koloreak eta bestelakoak hautatzearekin batera txirrindulariak kontratatu, entrenatu, estrategiak prestatu eta orokorrean, garaipena eskuratzeko beharrezko pauso guztiak emango dituzte bertan.
Kudeaketa lanekin batera, berritasun modura lasterketak 3D grafikoekin bizitzeko aukera eskaintzen du Live Cycling Manager 2021ek. Bertan taldeko txirrindulariei aginduak eman beharko zaizkie lasterketak irabazteko; aurretik egindako entrenamenduak eta kudeaketak garrantzia handia izango dute, baina.
Hiru kategoria desberdin biltzen ditu jokoak: horietan 240 etapa desberdinetan ibili daiteke. Denboraldi bakoitzaren bukaeran mailaz igotzeko aukera egongo da, betiere emaitza onak lortu badira. Txirrindulariak ez ezik, taldea osatzen duten beste norbanako guztiak kontratatu eta kudeatzeko aukera izango dute jokalariek.
Txirrindularitza, euskaraz
Bideo-joko osoa euskara hutsean jokatzeko aukera gehitu dute Xagukoek. Horretarako ez da aparteko ezer instalatu behar: jokoaren hizkuntzen menuan euskara aukeratu dezakete erabiltzaileek.
Txirrindularitza jokoen sagak 80.000 erabiltzaile izatera iritsi dela nabarmentzen dute donostiarrek. 2021eko bertsioa sagaren hirugarren jokoa da: aurretik LCM 1 eta 2 kaleratu dituzte, ordainpeko lanak izanik.
Live Cycling Manager 2021 Play Store zein App Store saltokien bidez deskargatu daiteke, doan.
Iruzkinak