2021eko jokoak proposatutako begiztetan barneratuko gara ukipen pantaila bidezko kontrolekin.

Loop Hero dibertigarria Android zein iOS plataformetara eramango du Playdigious argitaletxeak. Four Quarters estudioak garatutako abentura apirilaren 30ean kaleratuko da gailu mugikorretan.

2021ean estreinatu zen jatorrizko jokoa PCan nahiz Switch kontsolan —2023an, berriz, PlayStation-era eta Xbox-era iritsi zen— sekulako arrakasta lortuta. Roguelike bideojokoa mugikorretara egokituko dute orain: ukipen pantailentzako interfaze eraberritua aurkeztuko du, hasteko, baina aginteentzako euskarria ere edukiko dute bertsio berriek.

Proposamen sinplea zein erakargarria da Loop Herona. Galdutako munduan murgilduko gara salbatzeko “azken” aukera duen heroiarekin. Ez dugu protagonista kontrolatuko, ordea: zeharkatuko duen mundua prestatzen eta hobetzen joango gara heroiari garaipenera bideratzeko asmoarekin.

Horretarako ibilbidea osatuko dugu heroiak borroketan lortzen dituen kartekin. Baliabideak lortzeko mendiak, sendatzeko basoak eta bestelakoak eskainiko dizkiogu protagonistari; izan ere, ibilbidea osatzen duen bakoitzean hasieratik ekingo dio berriz mundua esploratzeari, baina oztopoak eta erronkak are latzagoak izango dira berarentzat.

Begiztak dira, hortaz, tituluaren beste protagonistak. Ekipamendua hobetzeko aukera ere edukiko dugu: arma, armadura, eraztun eta bestelako elementuak jantzita gure heroiaren boterea areagotuko dugu.

Ideia dibertigarri honek sekulako arrakasta lortu zuen estreinatzerakoan; ez da harritzekoa, proposamenaren atzean harrapatzen eta gatibatzen duen jokagarritasuna baitago, behin eta berriz jokatzera eramaten duen horietakoa.

Loop Heroren abenturak apirilaren 30ean hasiko dira Androiden eta iOSen.