Hexworks estudioaren titulua 2014. urteko izen bereko lanaren berrabiaratzea izango da. PS5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatu ahalko da.

Soulslike generoaren zaleek badute zer jokatu udazkenean. CI Games argitaletxeak Lords of the Fallen ikusgarriaren argitaratze data zehaztu du: urriaren 13an estreinatuko dute.

Horren berri emateko Iron Maiden musika taldearen Fear of the Dark doinu ezagunarekin girotutako jokagarritasun trailer interesgarria prestatu dute. Hasiera batetik arreta erakartzea lortzen dute bere atal grafiko indartsuak zein estetika ederrak: argi dago Lords of the Fallen lehen mailako bideojokoa izango dela alor horietan, Unreal Engine 5 motor grafikoaren tresnez baliatu dira-eta.

Horretaz gain, abestiaren izenak dioen bezala, iluntasunari beldurra izango diogu abenturan. Munstro ikaragarriak, zaldun zitalak eta bestelako piztiak ikusiko ditugu jokoan; helburu nagusia Adyr deabruen erregea garaitzea dela jakinda, ez da harritzekoa.

Hauek garaitzeko armategi sorta zabala izango dugu eskura, baina: bideoan ezpatak, aizkorak, mailuak eta bestelakoak ageri dira. Nola ez, magiak ere ikus daitezke: hauei esker sekulako eraso boteretsuak egingo ditugu. Itxura batean, eskuan eramango dugun argiak berebiziko garrantzia izango du kokaleku ilunak argitzeko.

Are gehiago, gune erraldoietako apaindurek ere girotzea indartzeko balioko dute, xehetasun guztiz sortutako toki misteriotsuak izango baitira. Elizak, hilerriak, basoak, gazteluak eta askoz gehiago bisitatuko ditugu.

Zorionez, aurkeztutako erronka guztiak adiskide batekin elkarlanean gainditzeko aukera edukiko dugu; izan ere, kooperatibo landua edukiko du Hexworks taldea prestatzen ari den lanak.

Lords of the Fallenek agindutakoak bete dituen jakiteko, esan modura, urriaren 13ra itxaron beharko dugu. Plataformei dagokienez, PlayStation 5-eko, Xbox Seriesetako zein ordenagailuetako jokalariek erosi ahalko du CI Games eta Hexworksen bideojokoa.