1,3 milioi jokalari bildu ditu MMORPG korearrak asteburuan. Doan joka daitekeen arren, 1,5 milioi fundatzaileen pakete saldu dituzte Smilegate-k eta Amazon Games-ek.

Joan den ostiralean estreinatu zen ofizialki Lost Ark MMORPG abentura. Milaka jokalari bilduta, askok eta askok partida hasteko arazoak izan dituzte betetako zerbitzarien ondorioz; hori dela eta, Amazon Gamesekoek Europan zerbitzari berriak irekiko dituztela jakinarazi du.

Ipar Amerikan zerbitzarietara sartzeko mugarik egon ez den arren, jokalari europarrek sekulako ilara birtualak itxaron behar izan dituzte asteburuan Lost Arken partida hasteko: 18.000 jokalariko ilarak sortu direla nabarmentzen dute askok.

Smilegatek sortutako lanak ez ditu herrialde desberdinetako zerbitzarien arteko jokoa onartzen; une honetan Erdialdeko Europako zerbitzaria baino ez dago. Hori horrela, zerbitzari berriek beste eskualde batzuk hartuko dituztela diote garatzaileek; jokoaren oinarrizko hainbat ezaugarri zerbitzarira lotuta daudenez, orain arte lortutakoak galduko dira zerbitzariz aldatuz gero.

Zerbitzariek gainezka egitea aurreikusten zuten askok, eta bete egin da. Ez da harritzekoa, estreinaldi mugatuan 500.000 jokalari bildu zituen tituluak, eta ofizialki kaleratzerakoan 1,3 milioi izan dira guztira aritu direnak. Ikaragarrizko zenbakiak dira: Steam plataforman aldibereko jokalari gehien bildu dituen bigarren jokoan bilakatu da Lost Ark argitaratzerakoan; aurretik dago PUBG ezaguna.

Bideo-jokoa guztiz doakoa dela kontuan hartuta, argi dago asko izan direla MMORPGa probatu nahi izan dutenak; hala ere, are gehiago izan dira garatzaileek saldutako fundatzaileen paketea erosi dutenak: 1,5 milioi aldiz saldu da hainbat ezaugarri eta berezitasun dakartzan item hau: azalak, maskotak eta jokorako bestelako baliabideak batzen ditu.

Diablo estiloko jokoen mekanikak hartzen dituen online abentura da Lost Ark. 2019an estreinatu zen Hego Korean; nazioarteko bertsioa banatzeaz Amazon Games arduratu da. Steam bidez soilik joka daiteke momentuz.