Duela egun batzuk aipatu genuen lagun berri bat genuela gure artean: GEBot. Minecraften administratzailerik ez dagoenean, hauei mugikorretara laguntza eskakizunak iristen laguntzen zigun orain arte.
Gaurtik aurrera, gure Telegram elkarrizketetan webguneko foroan elkarbanatzeko interesgarriak izan daitezkeen mezuak biltzen hasiko da. Nola funtzionatzen duen honek? Oso erraza da: Interesgarria izan daitekeen mezu bat etiketatu eta GEBot arduratuko da mezu hori foroan txukun jartzeaz.
Baina jar dezagun adibide erraz bat eta azaldu dezagun hasiera hasieratik guztia, dena ulertzeko:
Demagun, Steam plataforman, Tropico jokuaren trilogia osoa %75eko deskontuarekin aurkitu duzula. A ze mauka! Segituan mugikorra hartu eta zure lagunen artean partekatu nahi duzu, baina aldi berean Game Erauntsiko lagunekin elkarbanatzea ere interesgarria iruditzen zaizu. Zergatik ez? Nola egin dena batera? GEBot-ek lagunduko dizu.
1) GEBot Telegram mezularitza zerbitzuko errobota da, publikoa da eta edonork erabil dezake. Ireki txat bat berarekin (@ge_bot ezizena dauka) eta probatu /laguntza agindua idatzita. Zertan lagun zaitzakeen azalduko dizu.
2) Telegrametik gure foroan mezuak zuzenean idazteko, Game Erauntsian zure Telegrameko kode zenbakia zehaztu behar duzu. Kode hau zein den jakiteko, galdetu GEBoti /kodea agindua jarriz eta gero, zenbaki hori zure webguneko profilean itsatsi eta gorde behar duzu.
3) Aurkitu elkarbanatu nahi duzun gaiaren etiketa zein den. Gaiaren etiketa aurretik baldin badakizu, saltatu pauso hau. Bestela bi aukera dituzu hemen:
- Bilaketa zuzena erabili: /foroa -bilatu deskontu
- Aurkibide bidezko bilaketa erabili. Bilaketa hau zatika egiten da eta aurrekoa baino luzeagoa da. Lehendabizi, kategoria bilaketa bat egiten da /foroa idatziz. Ondoren kategoria jakin baten foro zerrenda erakusteko eskatuko diogu: /foroa -Orokorra
Eta azkenik, foro konkretu horren barruan multzokatuta dauden gaien zerrenda: /foroa -k Orokorra -f Merkealdiak_&_Eskaintzak
Badirudi bi emaitzen artean (bilaketa zuzenarena eta zatika egindakoarena) egokiena "#GE93 - Bestelako eskaintzak" gaia dela. Deskontu kodeei buruz baino, eskaintza bati buruz hitz egin behar dugulako.
OHARRA: Bilaketa hauek ez egin zure lagun taldeen txatetan... Lagunak gogaituko dituzu eta... Erabili GEBoten zuzeneko txata, askoz ere erabilera txukunagoa da.
4) Idatzi zure taldean partekatu nahi duzun informazio interesgarri horren mezua eta gehitu foroko gaiari dagokion #GE93 etiketa eta @ge_bot aipamena:
5) Zure lagunek ere etiketa hori erabil dezakete (berriz etiketaren bilaketa egin beharrik gabe) zuri erantzuten dizuten bakoitzean eta GEBot-ek txintxo txintxo guztia foroan gordeko du.
Game Erauntsia eta Telegram ez badituzu behar bezala lotuta, beheko irudian bezalako zerbait agertuko zaizu. Foroan idatziko dituzun mezuk zuk zeuk eta ez beste inork idatziko dituela ziurtatzeko sistema bat da. Honelako erantzunen bat jasotzen baduzu, errepasatu azalpen honen 2. puntua.
6) Zure Telegram taldeko erabiltzaileez gain, Game Erauntsiko gainerako erabiltzaileek ere zure aurkikuntza zoragarria ikusi ahal izango dute forora sartzen direnean
Iruzkinak (2)
Antton Aug. 12, 2015, 12:35 p.m.
Nik arazo bat daukat. /kodea jarti nuen baina ez dit koderik eman. Lagundu mesedez!
Urtzi Odriozola Aug. 28, 2015, 1:46 p.m.
Aupa Antton! Oporretatik bueltan konpondu dugu arazoa. Ondo izan!