Corneria, Lylat sistemako laugarren planeta. Behin oparoa zen eguzki sistema hau ia desagertzear zegoen basamortuan bilakatu zuen Andross maltzurrak. Corneriar armadako Pepper jeneralak zientzialari eroa Venom planeta arrotzera erbesteratzea lortu zuen. Bost urte beranduago, Pepper jeneralak aktibitate bitxiak nabaritu zituen Venomen. Star Fox taldeko James McCloud, Pigma Dengar eta Peppy Hare ikertzera bidali zituen.

Iritsi zirenean, Pigmak taldea traizionatu zuen, eta James zein Peppy harrapatu zituen Androssek. Peppyk nekez ihes egitea lortu zuen Venometik, eta etxera itzuli zen Jamesen seme Fox-i bere aitaren patua helarazteko.

Urte gutxi batzuk igaro dira. Androssek berriz inbaditu du Lylat sistema. Pepper jeneralak Fox McCloud buru duen Star Fox talde berriari laguntza eskatu dio Corneria salbatzeko, eta Lylat sistema askatzeko.

 

“Zuon laguntza behar dugu, Star Fox!”

Fox McCloud eta Star Fox taldearen abenturek ez dute abentura berririk ikusi aspaldian. Hala ere, Nintendo-ren saga klasikoak benetan maitatua izaten jarraitzen du; titulu desberdinen artean, atalik goraipatuena beti izan da Star Fox 64, gure lurretan Lylat Wars izenez kaleratu bazen ere.

1997. urtean Nintendo 64ko lehen lanen artean argitaratu zen jokoa da Takao Shimizu zuzendariak Shigeru Miyamoto maisuarekin batera garatutakoa. Super Mario 64, Pilotwing 64, Wave Race 64 eta Mario Kart 64 mitikoen ondoren N handiak 64 bits-eko kontsolarentzat kaleratutako jokoa izanik, oinarrizko 3D grafikoen munduan dabil: pixkat gehiago falta zen Banjo-Kazooie edo Ocarina of Time munstroak iristeko.

SNES kontsolako Star Fox originalaren jarraipen zuzena dugu, baina, aldi berean, sagaren berrabiaratzea dela esan daiteke. Lehen jokoko jazoeraz ahaztu egingo gara, antzeko premisatik abiatuta istorio berria hasita: Andross maltzurrak Lylat eguzki sistema inbaditzeko ahalegin berriari ekin dio, eta, borroka latzen ondoren, Corneria planetako Pepper jeneralak Fox McCloud, Falco Lombardi, Peppy Hare eta Slippy Toad kideek osatutako Star Fox mertzenario taldea kontratatuko du inbasioari aurre egiteko.

Horrela, Star Fox taldea arwing izeneko espazio ontzietara igo, eta Lylat sistema defendatzera abiatuko da. Arwingen kontrola erraza eta dinamikoa da: pilotatzen eta tirokatzen ariko gara gehienbat, baita zenbait mugimendu berezi erabiltzen ere. Peppyk irakatsitako barrel roll (biraketa mugimendua) ezagunetik hasita bonbak jaurtitzen, turboa zapaltzen edo itzulipurdiak egiten ibiliko gara Foxekin.

 

“Aurrean ditugu. Goazen egurra banatzera!”

Shoot ‘em up generoko klasikoen bidea jarraitzen du Lylat Warsek: dozenaka arerio leherraraziko ditugu maila bakoitzean laserren zein bonben laguntzarekin, bidean gure ontzia hobetzeko indartzaileak bilduta. Izpi indartsuagoak, bizi barra handitzeko urrezko eraztunak zein bonba gehigarriak aurki ditzakegu; hauek etsaien eskuadroiak akatzerakoan, kokalekuetako elementuak suntsitzerakoan edo sekretuak aurkitzerakoan agertuko zaizkigu. Mugitzen den guztiari tiro egitea onena, beraz.

Jokagarritasuna bi modutan zatitzen da. Lehenik eta behin, korridore modalitatea edo corridor mode daukagu. Maila gehienetan pilotatze estilo hau erabiliko dugu; laburbiltzeko, errail gaineko tiro jokoen bidea jarraitzen du, hau da, etengabe aurreraka egingo du gure ontziak, eta gure xedea oztopoak saihesten ditugun bitartean azaltzen zaizkigun etsaiak suntsitzea izango da.

Bigarrenik, modalitate askea edo all-range mode estilora aldatuko dugu maila batzuetan, edo, bestela, etsai nagusi zehatzen aurkako dueluak hasterakoan. Izenak adierazten duen bezala, modu askean gidatuko dugu gure ontzia; hori bai, gune txiki mugatuetan bakarrik ariko gara.

Aginteak eta jokagarritasuna ez dira askorik aldatuko modalitate batetik bestera. Kamera ere modu berean kokatuko da: hirugarren zein lehen pertsonan joka dezakegu, baina azken hau ez da aukerarik aproposena… zorabiatuta bukatzeko gogoekin bazabiltza, behintzat.

Kontrol erabilerrazak badira ere, mugimendu sorta zabala daukagu eskura. Esaterako, ontzia Z eta R botoiekin okertuta, azkarrago biratuko dugu; are azkarrago, balazta erabiltzen badugu. Sinplea dirudi, baina aldi berean hainbat botoi eta palanka zanpatuta, simulatzaile kutsua hartzen du Lylat Warsek, benetan arkade izaeratik urrundu gabe geratzen den arren.

Erraz menderatzeko eta gozatzeko kontrolak proposatuko zaizkigu, orokorrean. Nostalgiak eta maitasunak hitz egin dezakete nire partez, baina arwing gainera igotzea gozamen hutsa da, edonoiz. Pilotu aditua garela sentiarazten digu jokoak —gehiegi, batzuetan, trikimailu errazak egitearren ere goraipatzen gaitu-eta—, eta Foxekin zitalen armada gupidarik gabe akatuko dugu.

Trebeak izan beharko gara horrela gozatzen ibiltzeko, hori bai: tiroak eta kolpeak jaso ahala, gure arwingaren hegoak suntsi daitezke, hainbat arazo sortuz. Hasteko, kontrolak zapuztuko dizkigu, eta ez da batere erraza izango gure ontzia zuzen mantentzea. Hego bakarra, zein biak, honda daitezke, aginteak pixkanaka okertuz. Bukatzeko, laserren hobekuntzak galduko ditugu, gure eraso indarra murriztuz. Konpontzeko bideak, ditugu, zorionez.

 

“Etsaiaren ezkutua, aztertuta”

Indar betean daudenean, gure izpiek etsai arruntengan duten eragina ikustekoa da: kolpe bakoitzarekin suntsitzen ikusiko ditugu, lehertuz edo, noizean behin, kontrola galduz, lurraren aurka eztanda egiteko. Guztiak ez dira horren ahulak izango, dena den: maila gehienen bukaeran buruzagi boteretsuaren aurka egingo dute Star Foxeko kideek.

Kontrol erabilerrazak badira ere, mugimendu sorta zabala daukagu eskura.

Berezko bizitza barrarekin, euren erasoak saihestu beharko ditugu tiro egiteko une aproposaren zain. Bakoitzak bere erasoak eta taktikak dauzkanez, ahulgunea azaldu arte bizirik irautea izango da gure zeregina. Zenbati arerio nagusi errazegiak izango dira; beste batzuek, ordea, borroka epikoak eskainiko dizkigute.

Esan bezala, Lylat Warsek arkade kutsu nabarmena dauka; partida bakoitza zerotik hasiko dugu, baina ahaztu gaur egungo roguelike mekanikez, ez baitugu inolako hobekuntzarik edo ausazko elementurik ikusiko batetik bestera.

 

Ah… norbaitek jolasteko gogoak dauzka

Corneriatik abiatuko gara partida bakoitzean. Helburua: Androssen planetara, Venom ilunera, heltzea, bidean bere tropak nahiz komandanteak geldiaraziz. Helmugara iristeko jarraitu beharreko bidea gure esku egongo da, hori bai: eguzki sistemako planeta edo gune desberdinetatik igaroko gara, baina batzuetara iritsi ahal izateko erronka edo misio desberdinak gainditu beharko ditugu. Askotan, ezkutuak.

Horrela, Lylat sistemako mapan planeta batetik bestera mugitzerakoan kolore desberdinetako lerroak aurkituko ditugu: urdinek bide “arrunta” edo erraza adierazten dute, horiek erdiko ibilbidea, eta, bukatzeko, gorriek bide zailetik eramango gaituzte… benetako amaiera desblokeatzeko norabidetik, hain zuzen ere.

Birjokagarritasun aparta eskaintzen digu sistema honek. Maila hasi aurreko mapan bisita ditzakegun planetak azalduko zaizkigu, baina ‘Mission Accomplished’ marka lortzerakoan soilik jarraitu ahalko dugu bide zaila. Puntuazio bat gainditzea, mailatik sakabanatutako objektuak aktibatzea edo biltzea, arwingarekin dugun trebezia erakustera ematea… Ez dugu jakingo zer egin behar dugun marka gorena lortzeko, egin arte.

Nere garaian horrenbeste gida irakurrita, bide bakoitza desblokeatzeko egin beharrekoak ondo baino hobeto ezagutzen ditut, baina egia da hasiberria denak galduta sentitzeko zergatiak eduki ditzakeela. Zorionez, maila ‘Mission Complete’ edo ‘Failed’ gorrotagarriekin lortuz gero, berriz errepikatzeko aukera daukagu… bizitza baten truke.

Baina, tira, ibilbide bakoitza osatzeko ordubete inguru beharko dugunez, jokora nahi beste itzultzeko aitzakia daukagu.

 

Aurrera goaz! Aireontzi guztiak, informatu”

Ezin gara, baina, gure taldekideez ahaztu. Falco txoria, Peppy erbia eta Slippy apoa gure bizkarra babesten ibiliko dira. Abentura osoan euren aholkuak, erantzunak eta nahiak entzungo ditugu irrati bidez; ez hori bakarrik, zenbait unetan arerioen bila joango dira, hauek suntsituz… edo bidean ia bizitza galduz.

Gure laguntza ezinbestekoa dute askotan, eta istiluetatik onik ateratzeko euren atzetik dabiltzan arerioak akatu beharko ditugu. Azkar ibili beharko gara, hori bai: zitalen tiro gutxi batzuen ondorioz erretiratzen ikusiko ditugu, arwing ontzia lehertu aurretik. Gure laserrek ere min egingo diete… orduan, kontuz Slippyrekin: tartean jartzea gehiegi gustatzen zaio apoari, gero kexaka aritzeko.

Hori gertatzen bada, maila horretan nahiz hurrengoan Great Fox ontzi nagusira itzuliko dira arwinga konpontzeko. Misioak osorik gainditzeko baldintzetako bat, nola ez, taldekide guztiek onik eta salbu bukatzea izan ohi da.

 

“Corneria hirian barneratzen gabiltza”

Jokoaren funtsa gustuko dutenek maila guztiak ikusi nahiko dituzte, noski. Bakoitzak girotze, helburu eta erronka desberdinak proposatzen dituzte. Suntsitutako hiriak, espazioko asteroide zelaiak edo basamortuak zeharkatuko ditugu, besteak beste. Nire gogokoenetakoa Y sektorea izan da betidanik: bi armaden arteko espazioko borrokan kokatzen gaitu, ontzi erraldoien artetik ibili behar izanik.

Maila bereziak ere ikusiko ditugu: nabarmenenak, arwing espazio ontzia alboratzen dituztenak. Landmaster tankea edo Blue-Marine urpekaria gidatuko ditugu hauetan; ibilgailuen kontrolak antzekoak dira, baina berezko berezitasunak dituzte. Maila gutxitan erabiliko ditugu, zoritxarrez, baina freskotasuna mantentzeko baliagarriak dira.

Eskaintzeko dituenak aipatuz, ezin gaitezke multijokalariaz ahaztu. N64aren ganorazko edozein klasikok egin modura, lau jokalarirentzako borrokak proposatzen ditu Star Fox 64k. Hiru modalitate desberdin ikusiko ditugu hemen: puntukako borrokak, battle royal dueluak eta erlojupekoak.

Hasiera batean arwing gainean solik joka dezakegu, baina kanpainako azken maila medaila bat eskuratuz gero —ahalik eta arerio gehien akatu behar ditugu, gure taldekideak bizirik mantentzen ditugun bitartean—, landmaster tankea desblokeatuko dugu.

 

 

Are gehiago, oso gutxik ikusi duten azken sekretua ezkutatzen du multijokalariak: oinez, ibilgailuetara igo gabe, aritzeko aukera. Asko kondaira zelakoan geunden, baina ez, joko arruntean medaila guztiak lortu ondoren desblokeatzen den expert mode gupidagabean gauza bera eginez kontrolatuko ditugu Fox eta gainerakoak.

Multijokalaria zein beste hainbat elementu garrantzitsu —modalitate askea, esaterako— bere garaian argitaratu gabe geratu zen Star Fox 2tik eratorriak dira. Joko hau 2017an kaleratu zen azkenik SNES Mini kontsolan.

 

“Ez etsi. Fida zaitez zure senaz”

Star Fox 64n jokagarritasun mekanikak errepasatuta, bere arima eta bihotza ezagutzeko unea heldu da. Gaur egun horren maitatua izaten jarraitzeko zergati nagusia bere soinuan dago: bai soinu bandan, bai bikoizketan.

Koji Kondo musikagile adituak Hajime Wakai-rekin batera sortutako doinuak ikaragarriak dira, hasteko. Maila edo menu bakoitzeko abestiak zoragarriak dira, batez ere, N64ko soinu txiparekin eginda daudela kontuan hartzen badugu. Abesti nagusia, Star Wolf-en doinua, mailak bukatzerakoan entzun dezakegun kantua… Nintendoren garai onenetako melodiak.

Bestalde, jokoak jasotako bikoizketa lan ikaragarria nabarmendu nahiko nuke. Analisian zehar Lylat sistema salbatzen gabiltzala entzungo ditugun aipuak idatzi ditut: buruan bizi osorako gelditu zaizkidan esaldiak.

Foxek, lagunek zein etsaiek seriotasuna zein komedia maisukiro uztartzen dituzte: une batzuetan helduentzako jokoan murgilduta gabiltzala dirudi, ondoren umeentzako marrazki bizidunetan entzun ahal diren ahotsak eta adierazpenak jasotzeko.

Lylat sistemako mapan planeta batetik bestera mugitzerakoan kolore desberdinetako lerroak aurkituko ditugu

Oreka hori ikaragarria da, gaur egun mitikoak izatera iritsi diren hizketaldietan bilakatuz. Idatzi, mesedez, ‘do a barrel roll’ Google bilatzailean, eta esan nahi dudana ulertuko duzue.

 

“Alde egiteko garaia da”

Bere akatsekin, belaunaldi oso bat maitemintzea lortu zuen arkade joko eraginkorra eta dibertigarria da Star Fox 64. Grafikoki zaharkituta geratuko zen, baina gaur egun ere ikaragarri goza daitekeen lan horietakoa, edonorentzat.

Benetan zoritxarrekoa da Nintendok alboratuta utzi duen saga izatea. Zaleek era guztietako jarraipenak irudikatu dituzte; ez da harritzekoa, Nintendok ere gauza bera egin baitu Star Fox Adventures edo Command bezalako jarraipenekin.

Klasiko atenporal berezia da Star Fox 64. Jokagarritasun zirraragarria ondo baino hobeto uztartzen du ber arkade izaerarekin, behin eta berriro errepika dezakegun abenturan bihurtzeko. Foxen eta bere taldekideen borrokak belaunaldi oso bat zur eta lur utzi zuen; hala ere, gaur egun jostagarria izaten jarraitzen du.