Indie abentura mitikoaren jarraipena prestatzen ari da. PCan estreinatuko du.
Machinarium 2 egiazkoa da. Triple-I Initiative emanaldian ezagutzera eman du Amanita Design estudioak, lehen trailerra aurkeztuta.
2009. urteko Machinarium originalaren jarraipenak mekanikak, ideiak eta estetika mantenduko ditu. Indie iraultzaren lehen obra handietakoa izan zenez, zale askoren bihotzean dagoen titulua da, eta bigarrenarekin proposamena hedatu gura dute egileek.
Josef eta Berta, bilduta azkenik, etxe berriaren bila dabiltza. Ezkutu haran batean argindarrik gabe dabiltzan bi robot tribu ezagutu, eta hauen arteko gatazka konpontzea izango da helburua; horrela, Elektrona monastegi garaian eta Oilton hiri ilunean ariko gara.
Bi protagonistak kontrolatuko ditugu oraingoan, edozein unetan kontrola aldatuta, puzzleak gainditzeko bakoitzaren berezko abileziak erabiltzeko. Testurik gabeko abenturarekin errepikatuko dute, komunikazio guztia keinuekin eta ikurrekin emango den bitartean.
Estetika aldetik, eskuz marraztutako mundu ederra eratuko dute, beste behin. Margolan errenazentistak inspirazio iturritzat hartuta, robotak, inguruneak nahiz xehetasun guztiak kalitate handiz eratuta egongo dira. Soinu bandarako Tomas Dvorak-ek errepikatuko du bigarrenean.
Argitaratze datarik gabe aurkeztu dute Machinarium 2, tamalez. Plataformei dagokienez, ordenagailurako kaleratzeko asmoa agertu dute.
Lander Unzueta
Iruzkinak