PC, PS4 eta Switch plataformetan estreinatuko da Made in Abyss: Binary Star Falling into Darkness.

Akihito Tsukushi mangakaren Made in Abyss komikiak hainbat zale ditu mundu osoan, batez ere animeak izandako arrakastarengatik. Pasa den astean telesailaren bigarren denboraldiari buruzko berritasunak eman zituzten arduradunek aurkezpen handi batean, baina ez hori bakarrik: manganimearen lehen bideo-joko handia iragartzeko aprobetxatu zuten gainera.

Made in Abyss: Binary Star Falling into Darkness izenpean, akzioa eta esplorazioa batuko dituen RPG abentura dela ezagutzera eman dute Spike Chunsoft estudioko garatzaileek.

Riko eta Reg protagonisten kontrola hartuta abyss eder zein beldurgarrian barneratu beharko dira jokalariak. Arduradunek azaldu dutenez, jokoaren gidoiak manganimearen istorioa jarraituko du, baina RPGrako bereziki sortutako pertsonaia eta uneak ere biziko dira Binary Star Falling into Darknessen.

Ez dute argitaratze datarik finkatu nahi izan, baina 2022rako prest edukitzea espero dute Spike Chunsoftekoek. Plataformak baina, bai zehaztu dituzte: PC, PlayStation 4 eta Switch izango dira Made in Abyssen abentura hau jokatzeko aukera emango dutenak.