LoL-en unibertsoan girotutako akziozko RPG abentura udaberrian kaleratuko dute ordenagailuetan nahiz kontsoletan.

Riot Games-ek Mageseeker: A League of Legends Story iragarri du. Digital Sun Games estudioaren esku egongo da, eta LoLeko arduradunen Riot Forge argitaletxeak merkaturatuko du.

Bi dimentsioko akziozko RPGaren aurrean gaude. League of Legendsen jokalariek ondo ezagutuko duten Sylas izango da protagonista: mendeku bila ari dela Demacia erresumako bakea hautsiko du.

Moonlighter indie interesgarriaren arduradunak izanik, Digital Sunsekoek antzeko estilo grafikoa zein jokagarritasun oinarriak prestatu dituzte Mageseekerrentzat; hala ere, trailer txikian ageri dena baino ez dugu jaso momentuz.

Zorionez, laster jokatu ahalko dugu bideojokora: udaberrian kaleratzeko asmoa agertu dute arduradunek. Ordenagailuetan nahiz PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan argitaratuko da.

A League of Legends Story markak LoLen unibertsoan girotutako aparteko istorioak aurkezten ditu. Mageseeker hirugarren jokoa izango da: aurretik Airship Syndicate estudioak kaleratutako Ruined King interesgarria zein Choice Provisions-en Hextech Mayhem zoroa jaso ditugu.

Ostean helduko direnak dagoeneko iragarri dituzte, gainera: alde batetik Double Stallion Games garatzen ari den Convergence plataforma eta akzio titulua dugu. Bestetik, Tequila Works estudio espainiarraren Song of Nunu ederraren zain gaude. Lehenengoa uda honetan estreinatuko da, eta bigarrena udazkenean. Hauek ere PCra eta kontsoletara iritsiko dira.

Horiez gain, zelan ez, ezin gaitezke Project L borroka joko ikusgarriaz ahaztu: honen garapena luzerako doan arren, zale guztien begiradak erakartzea lortu du atal grafiko eta jokagarritasun itxurosoekin.

Momentuz, arestian aipatu modura, Mageseekerren zain egon beharko gara: PCan eta kontsoletan estreinatuko da udaberri honetan.