Joko honi buruz hitz egiten hasi ziren momentutik hitz bat burutik kendu ezinean ibili naiz: nostalgia. Nork ez du umea zela Magic bezalako karta- joko bateko karta bat eskuan izan? Karta horiekin pasatako orduak ezin dira zenbatu. Jolasten jakin gabe ere, zenbat pertsonaren zoriontasuna ekarri ote duten karta horiek galdetu nion neure buruari lehen trailerra atera bezain laster. Horretaz gain, beste hainbat galdera bururatu zitzaizkidan, adibidez, nola ekarriko zuten jokoa ordenagailura, asko aldatuko al zen jatorrizkotik? Edota umetan eman zizkidan une gozoak bizi ahal izango nituen berriro ere.


Berandu samar izanda ere, azkenean lortu nuen jokoa instalatzea, eta ireki bezain azkar, haurtzarora itzuli nintzen berriro ere. Egia da, hearthstonek karta-jokoak ordenagailura hurbildu gintuela, baina Magic-ek beste mekanika batzuk eskaintzen dizkigu. Biak antzekoak izan arren, beste estilo bat ikus daiteke jokatzen hasi orduko, eta jokoa gehiago ikertzera behartzen zaituen sentsazio bat sortzen dizu gorputzean.


Jokoa tutorialarekin hasten da, oso baliagarria dena. Inoiz jokatu gabe, edo urte askoan jokatu gabe egon ondoren sartzen bazara, tutorialak modu azkar eta entretenigarrian azaltzen dizkizu jokoari buruz jakin beharreko gutxienekoak: karta ezberdinak erakutsi, haien ezaugarriak, mana sistema, erasoak blokeatzea… Hori guztia 5-6 partidatan erakusten zaizu, eta azkar ikasteaz gain, mekanika erraz ulertzen hasiko zara.

Beste jokalari batzuen aurka jokatzeko orduan, jokoan aritzeko hainbat estilo eskainiko zaizkigu erabil ditzakegun kartekin. “Land”-ak (kartak erabiltzeko mana ezberdinak) konbinatuz, eta gehien gustatzen zaigun estiloa erabiliz, etsaia erasotu, edo berarengandik babestu ahalko dugu.


Partidak beti berdinak izan ez daitezen, karta berriak lortzeko aukera asko eskaintzen dizkigu jokoak: erronkak beteta, mailaz igota, edo benetako diruarekin sobreak erosita. Gainera, jokoko txanponak lortuta ere karta berriak eros daitezke dendan. Lortutako kartekin karta-sorta berriak sortu ditzakegu.

Karta sortak sortzean, Magic-ek berrikuntza bat ekarri digu. Hearthstone bezalako jokoek heroi batekin jokatzen uzten zigun bitartean, oinarrizko kartak eta heroi kartak nahastuz, Magic-en bi “land” nahasteko aukera dugu gure joko estiloa aldatzeko eta karta sorta ikaragarriak lortzeko. “Land” nahasketa hauek “land” oinarrizkoaren eta beste batzuen artean, edo edozein “land” nahastuta egin ditzakegu, jokoari aniztasun handia emanez.

Amaitzeko, azpimarratu nahiko nuke ez dela batere erraza horrelako karta-joko bat bertsio fisikotik ordenagailura pasatzea ia aldaketarik eragin gabe, eta esan beharra dago joko honekin guztiz lortu dutela. Nik uste orain arte nabaritu dela karta-joko zalea naizela, beraz, joko hau ikaragarri gomendatzen dizuet bai mota honetako jokoetan inoiz aritu ez zaretenei eta baita gustuko dituzuen guztioi ere, benetan joko entretenigarria da eta. Artikulua agian motza egingo zitzaizuen, bai, baina uste dut onena zuek probatzea izango dela!