Ibilaldi magikoa bezain motza.
Ez naiz inoiz munduko maskota famatuenaren marrazki bizidunen zalea izan. 16 bit-eko bideojokoei dagokienez, beti entzun izan dut maila bikaineko tituluak daudela bere izenean, eta, Capcom-en zigiluarekin, gainera. Super Nintendo-ak 1992an The Magical Quest Starring Mickey Mouseren jaiotza ikusi zuen, aurrerago beste bi titulu gehituko zitzaizkiolarik The Magical Quest izenpean.
Sagako lehenengo joko honek istorio ergelenarekin ematen dio hasiera jokoari. Pluto pilota baten atzetik korrika irten, eta galdu egin da. Mickey bere bila dabilela amildegi batetik behera erortzen da, mundu berri batera. Garatzaileentzat jokoaren istorioak garrantzirik ez badu, niretzat ere ez.
Bideojokoa plataforma generokoa da, garaiko jokoen erdia bezala. Maila guztietan amaiera bilatu beharko da lurreko pitzaduretan jausi gabe, etsaiak zein tranpak saihestuz.
Jokoa hasi bezain pronto, narraziorako aurrekontua grafikoen kalitatean xahutu zutela antzematen zaio. Tituluak marrazki bizidun itxura itzela du, ongi animatutako pertsonaiekin eta kolore erabilera nabarmenarekin. Sei lurralde ezberdin daude jokoan esploratzeko, bakoitzak hiru edo lau maila ezberdin dituelarik. Azkena, lurraldeko nagusiaren aurkako norgehiagoka izango da. Inguruneak honelako jokoetan mila aldiz irudikatu direnak dira. Hala nola, bi baso mota, sumendia, surik gabeko mendia, izotz mundua eta gaztelua. Klasikoa, pertsonaia klasikoenarentzat.
Begira zein zoriontsu dabilen Mickey infernuko ateak hain ondo irudikatuta ikusita
Doinu landuak entzun ditut abenturan zehar, une bakoitzaren testuinguruarekin bat datozenak. Ez dira bereziki luzeak, eta segituan errepikatzen dira, baina errepikakor bihurtu gabe. Dena den, txunditu nauen melodiarik ez dut bizitu. Zer jakingo dut nik musikaz ordea? Soinu efektu ugari dago mugimendu edo gertaerentzat, batzuetan paintailan gertatzen denaren adierazgarri baino, soinu dibertigarriak hautatu dituztela uste dut ordea. Putre-kume baten gainean salto egiterakoan ez dut "Mok!" onomatopeia espero. Auskalo baina, ez bait dut inoiz benetako putre-kume baten gainera salto egin.
Mickey mugitu eta salto egiteaz gain, objektuak hartu eta botatzeko abilezia dauka. Etsaiak garaitzeko beraien gainean jauzi daiteke, bidean agertzen diren kaxa horiak bota ditzazkieke, edota konorterik gabe utzitako beste etsaiak jaurti ere. Ateak edo kaxa handiak irekitzeko aukera ere badauka.
Mailatan aurrera egin ahala, hiru mozorro lortuko ditu protagonistak, bere armategia handitzeko: Turbantea, urrutitik eraso eta alfonbra gainean hegan egiteko; suhiltzailea, sua itzali eta kaxak mugitzeko; azkenik, eskalatzailea, eskalatzeko noski, zertarako bestela. Turbanteak eta Suhiltzaileak, gelditzen zaien magia kopurua eta uraren adierazlea daukate pantaila azpian.
Batzuetan hobe da ongietorri batzordearen gonbidapenari uko egitea
Mozorroak beharrezkoak dira gune jakin batzuetan oztopoak gailentzeko, baina orokorrean jokalaria atseginen duenarekin mugitu daiteke maila guztietan zehar. Honela, agintearen atzean dagoenak bere erantzunak eman dakizkioke jokoak aurrean jarriko dizkion arazoei. Esperientzia naturala iruditu zait. Amaierako nagusiak ere, era ezberdinetan amore emanarazteko aukera dago.
Mozorro guztiak ez dira bideragarriak, eta batzuk besteak baino hobeak dira. Zerk funtzionatzen duen asmatzean dago norgehiagoka hauen gakoa. Azkar pentsatzera behartua egon naiz gainera, nagusiek paintailaren zati handia betetzen baitute, mugitzeko toki gutxi utzita.
Gune sekretu batzuk ere badaude, plataforma urrutietan edo kaxa multzo baten atzean ostendutako ateetan. Gehiengoak egoa gizentzeko besterik balio ez duten puntuak eman dizkidate. Mickeyk, geratzen zaion osasuna kontatzeko hasieran dituen hiru bihotzei, laugarrengo bat gehitzeko aukera ere topatu dut. Baita denda bat ere. Bertan mozorroentzat hobekuntzak aurkitu daitezke, baina ez dut bat bera ere erosi. Nire kategoriako gamer batek ez du hobekuntzarik behar eta!
Nagusiak arazotsu izan daitezkeen arren, oso dibertigarriak dira
Haurrentzako joko bezala aurkeztua ikusi dut informazio iturri askotan, jokoa oso erraza dela baieztatuz. Nik ez nuke honela deskribatuko, jokoa indarrez gailentzeko erraza dela esango nuke nik. Ez dago benetako joko amaiera pantailarik, nahi adina alditan saiatzeko aukera izan dut partida galdu dudan bakoitzean. Askotan galdu ditut bizitzak izan ere. Mailetako nagusi askok arazo ugari eman dizkidate hauek gailentzeko, bakoitzeko hogei minutuz saiatuz egon naizelarik, burubelarri.
Guztira bi ordu t'erdi behar izan ditut Plutoren sprite animatua ikusteko. Ez nuke joko zailen multzoan sartuko, baina amaigabeko saiakerarik gabe bost aldiz denbora gehiago beharko nukeela, zalantzarik ere ez daukat.
Joko interesgarria orokorrean. Abilezia ezberdinen interakzioekin jokatzen du maila guztietan zehar, askotariko egoerak sortuz. Ez da lehendabizikoz Super Nintendorako gomendatuko nukeen plataforma jokoa, baina ez daukat alderdi negatiborik aipatzeko beraren inguruan. Tituluak eskatzen zaiona eskaintzen du: Edonork jostatzeko joko informala, konplikazio gutxikoa eta edozein unetarako aproposa.
Iruzkinak