MAME (Multiple Arcade Machine Emulator) izenaz ezagutzen dugun emulatzailea, famatua da gure artean. Seguraski bideojokoen munduan ezagunenetakoa. Baina ba al dakizue nola izan zen emulatzaile honen sorrera?
Nicola Salmoria izeneko matematika ikasle italiarra emulatzaile programatzaile zaletua zen. 1996. urtean Arcade Emulation Programming Repository webgunean PacMan bideojokoaren emulatzaile bat topatu zuenean piztu zitzazion zaletasuna.
Emulatzaile hori ulertu, konpondu eta hobetu egin zuen, ia joko originalaren exekuzio berdina lortuz. Hurrengo hilabetetan beste emulatzaile batzuk sortu zituen, eta hauek denak unibertsitate sarean zabaldu ziren, arrakasta handia lortuz.
Baina emulatzaile hauen mantenua lan handia zen, eta hau konpondu nahian idea bat izan zuen. Emulatzaile modular bat sortzea pentsatu zuen, hau da, joko bakoitza “driver” baten bidez emulatzen zen eta funtzionalitate amankomunak ez ziren behin eta berriz programatzen. Horrela, proiektu hau aurrera eramanez, 1997. urteko urtarrilean emulatzailearen lehen bertsioa argitaratu zuen.
Nicola Salmoria: MAME-ren egilea
MAME helburu jakin batekin argitaratu zuen, arcade bideojokoen kontserbazioan laguntzea, bestela bideojoko asko, denboraren poderioz desagertu egingo bait lirateke, zituzten makinak desagertzen bait zihoazten. Kontserbazio honetarako gainera emulazio ahalik eta perfektuena bilatzea zuen helburu.
Nicola-k MAME argitaratu eta gero beste emulatzaile batzuk hasi ziren agertzen: Raine, Callus, System16... Hauek hardware konkretuak emulatzen zituzten, emulazioa optimizatuz, eta kasu askotan emulatzaile hauen kodea “askeagoa” zen, hack, eta hobekuntza ezberdinak onartuz, makina errealaren emulazio perfektutik aldenduz. Hau horrela izanda, askok nahiago zituzten emulatzaile hauek ordenagailu okerragotan zebiltzalako, edo grafikoki filtro hobeak aplikatzen zituztelako.
Baina MAME-ren eboluzioa hain handia izan zen, poliki poliki sistema denak emulatzen joan zela, programazio modular-ak zituen erosotasunak lagunduta. Horrela indarra hartuz joan zen eta beste emulatzaileak indarra galdu zuten honen aurrean.
Hala ere, MAME-ren bidea ez zen erraza izan, arcade makinak emulatzeko hainbat arazo izaten zituzten. Joko bat emulatzeko, lehenbizi joko horren plaka ( PCB ) aurkitu/lortu behar zuten. Joko batzuen kasuan, ezagunenetan ez zen zaila, baina beste askorenetan oso ale gutxi eta garestiak ziren. Komunitatearen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke hauek lortzea.
Baina plaka izanda ere, beste arazo potolo bat aurkitu ohi zuten: pirateriaren aurkako babesak. Garai haietan oso ezagunak ziren “bootleg”-ak, hau da, plaka piratak. Gehienak Asia-tik zetozten, eta normalean joko originalak plaka kloniko merkeetan sartzen zituzten eta hauek bidejoko gune ezberdinetan sartzea lortzen zuten. Joko egileak dirua galtzen zuten modu honetan, eta hau ekiditeko plaketan datu denak enkriptatuta edo beste babes batzuen bidez sartzen zituzten (gehienetan “dump”-eatzea ekiditeko). MAME-ren kasuan babes hauek emulatzeko ingelesez “reverse engineering” deritzona aplikatu behar izaten zuten, eta lan askoren ondoren kasu askotan lortzen zuten helburua. Hala ere, gaur egun badaude babes hauengatik emulatu gabe geratu diren jokoak (bereziki Gaelco enpresa katalanarenak).
Azkenik, legalki ere kontu handia izan behar zuten, beti joko zaharrak emulatzen zituzten, baina joko berriegiak emulatuz gero, arazo legalak izan zitzaketen.
Gaur egun MAME-k XX. mendeko ia arcade joko denak emulatzen ditu 5000 joko ezberdin baino gehiagorekin. Plaka famatu asko emulatzen ditu, hala nola, Capcom-en CPS1, CPS2, CPS3, Sega-ren System 16 eta 18, SNK-ren NEO-GEO plaka...
MAME-ren bertsio ofiziala Windows sistemarako argitaratzen da, baina beste sistema batzuetarako ere topatu daiteke: Linux, Dingoo A320, Android, Iphone...
Mame-ren web orri ofiziala: http://mamedev.org/
Bertan, ez dituzue jokoak aurkituko. Legalki jokoaren ROM-a izateko, plaka orijinalaren jabe izan behar baitzara.
Bidejoko zaleak bazarete seguraski erabilia izango duzue MAME, baina oraindik probatu gabe baduzue, egizue, ez zarete damutuko!
Iruzkinak