Illfonic estudioak Ghostbusters: Spirits Unleashed aurkeztu du PlayStation zein Xbox kontsoletarako eta PC-rako.
Mamu harraparien frankizian oinarritutako bideojoko berria jasoko dugu aurten. Ghostbusters: Spirits Unleashedek multijokalari asimetrikodun partidak proposatuko ditu: lau jokalariz osatutako mamu harraparien taldeak beste erabiltzaile batek kontrolatutako espirituari aurre egin beharko dio.
Gizakiek protoien motxila ezaguna zein beste hainbat tresna erabili ahalko dituzte beren helburua lortzeko. Elkarlanean aritzea gakoa izango da; bestela, mamua ehizatzea ia ezinezkoa izango da.
Beste jokalariak izaki mota desberdinen artean aukeratuko du, bakoitza bere itxurarekin eta ahalmenekin. Zirrikituetatik sartu eta hormak zeharkatu, kokalekuetako objektuak mugitu eta beste hainbat botere erabili ahalko dituzte denbora agortu arte harrapariengandik ihes egiteko. Nabarmentzekoa beste mamu batzuk sortzeko aukera.
Hori horrela, Evolve bezalako jokoekin antzekotasun handiak edukiko ditu Spirits Unleashed honek. Partidei gatza eta piperra emateko, gure pertsonaien itxura aldatzeko eta abileziak pertsonalizatzeko aukera edukiko dugu bai gizakien zein espirituen aldetik.
Film klasikoetako bideojokoetan adituak diren Illfonicekoek garatuko dute titulua: aurretik Friday the 13th edo Predator: Hunting Grounds bezalako lanak sortu dituzte.
PCan Epic Games Store saltokiaren bidez estreinatuko da; kontsolen aldetik PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series nahiz Xbox One plataformetan kaleratuko da titulua. Plataforma arteko jokoa baieztatu dute arduradunek: gailu desberdinetako erabiltzaileek elkarrekin jokatzeko aukera edukiko dute.
Ghostbusters: Spirits Unleashed 2022ko azken hiruhilabetekoan merkaturatuko da.
Iruzkinak