Hamasei pertsonaien artean aukeratu ahalko dute jokalariek. Ekainaren 25ean estreinatuko da golf abentura Nintendo Switcherako.

Nintendo Switcharentzako urte eskasa ari da izaten N Handiaren jokoei dagokienez, baina halere Kiotokoak itxura aparta duten bigarren mailako bideo-jokoetan lanean ibili da azken hilabeteetan. New Pokemon Snap jaso dute orain gutxi jokalariek, eta datorren hilabetean Marioren kiroletako klasiko baten itzulera ikusiko dute. Mario Golf: Super Rushek hainbat berritasun dakartza, eta horiek laburbiltzeko bideo luzea prestatu dute Nintendokoek.

Cameloten jokoak izango dituen ezaugarri berrien artean nabarmentzekoa da jokoaren aurkezpenean ikusitako Speed Golf joko mota. Hemen helburua pilotak zuloan sartzea izango da, ohi bezala… baina aldaketa bereziak izango dituzte partidak. Izan ere, jaurtiketak egin ostean pertsonaiak pilotaren atzetik lasterka joan beharko dira jokatzen jarraitzeko.

Marioren joko bat izanik ez dira abilezia bereziak faltako, noski: gainerako jokalariei trabak jartzea ohikoa izango da, bai bultzaka eginda zein mugimendu bereziak erabilita. Pertsonaia bakoitzak ezaugarri desberdinak edukiko dituen tiro propioa izango du.

Battle Golf joko mota aurkeztu dute gainera bideoan. Speed Golfen antzekoa izango da, baina estadio handi batean kokatuko da golf zelaien ordez. Sakabanatutako banderak golf pilota jaurtita eskuratzea izango da helburua hemen, era guztietako oztopoak saihesten diren bitartean.

Jokalari bakarrarentzako Golf Adventure sakontasunean ikusi ahal izan da baita. Minijokoak izango dira nagusi bertan: jokalariek beraien Mii pertsonaiarekin hainbat gune esploratu eta jokoaren oinarriak ezagutzeko balioko du joko mota honek.

Bestalde, Mario Golfen ohiko ezaugarriak batuko ditu Super Rushek. Hamasei pertsonaia egongo dira guztira: aurpegi ezagunetatik hasita Pauline, Chargin’ Chuck eta King Bob-Omb bezalako berritasunak aurki daitezke golf jokoan. Golf zelai arruntekin batera iturginaren unibertsoan oinarritutako kokalekuak bilduko dituzte garatzaileek, partida benetan bereziak bizitzeko aukera eskainita.

Mario Golf: Super Rush ekainaren 25ean kaleratuko du Nintendok bere Switch kontsolarako.