Nintendok azalpen guztiak bideo baten bidez eman ditu. Bihar estreinatuko da Switcherako.

Mario Kart Live: Home Circuit Nintendoren iturginaren 35. urteurreneko ezusteetako bat izan zen. Bideojokoa bihar argitaratzen dela aprobetxatuta Nintendokoek jokoaren xehetasun guztiak eman dituzte.

Jostailuzko kart batekin jokatuko da Home Circuitera. Intregatutako kamera izango du, eta horrekin errealitate areagotuko bideojokoa sortuko da. Mario Kart desberdin bat den arren, sagako joko nagusietako ezaugarri ia guztiak edukiko ditu.

Zirkuituak eratzeko etxetik lau ate berezi jarri beharko dira. Horiek ezarrita kartarekin ibilbidea diseinatu beharko dute jokalariek. Sistema erraza dela agindu dute Nintendokoek, “etxe txiki zein handientzako prest” egongo dena.

Ibilbidea sortuta askotariko joko motatan parte hartuko dute jokalariek. Ohiko Grand Prix txapelketa egongo da: errealitate areagotuaren bidez girotze desberdinetako zirkuituak ikusiko dira Switchean. Ur azpiko bideak, suaz betetako zirkuituak edota mamuen etxeak; bakoitzak bere oztopo propioak edukiko ditu.

Lasterketa pertsonalizatuetan parte hartzeko aukera egongo da gainera. Kartaren abiadura, bira kopurua, musika eta girotzea aukeratu ahalko dira horietarako. Ate bakoitzean oztopo desberdinak ezarri ahalko dituzte gidariek, ondoren gidatzen aritzeko. Ispilu modua eta erlojupeko lasterketak bueltan izango dira baita ere.

Nola ez, Mario Karteko betiko objektuak ere agertuko dira Home Circuiten. Izarrak, bullet billak, blooperrak eta oskol urdin suntsigarriak erabilgarri egongo dira.

Gidatzerakoan lortutako txanponekin erropak, kartak eta bestelako gehigarriak desblokeatzeko modua egongo da. Jokalariei etxetik gidatzeko laguntzak gehituko dituztela ere agindu dute Nintendokoek.

Guzti hau, gainera, beste hiru gidarirekin batera gozatu ahalko da: Home Circuiten lau jokalarik parte hartu ahalko dute lasterketetan.

Mario Kart Live: Home Circuit urriaren 16an estreinatuko da. Bi edizio egongo dira: Mario edo Luigiren artean aukeratu beharko dute zaleek. Bakoitzak kart propioa, jokoa, lau ateak eta biderako bi zeinu ekarriko ditu.