Denboraldi bereziak soilik prestatuko dituzte Nintendo-koek. Lau urteko ibilbidea egin du gailu mugikorretarako lasterketa jokoak.

Nintendok Mario Kart Tourren eduki gehigarriak garatzeari utziko dio. Azarotik aurrera Android eta iOS gailu mugikorretako jokalariek ez dute lasterketa jokorako DLC handirik jasoko; zehazki, irailaren 20an argitaratuko duten Anniversary Tour espantsioa izango da jokorako prestatutako duten azken eduki nagusia.

Halaxe iragarri dute Kiotokoek: “Ez da zirkuiturik, gidaririk, autorik edo planeagailurik gehituko 2023/10/04an hasiko den Battle Tour ekimenaren ostean”. Horren ordez, denboraldi bereziekin jarraituko dute, lasterketak eta erronkak antolatuz.

Askok espero zuten albistea da. Alde batetik, Mario Kart 8 Deluxe-n Booster Course Pass DLCaren amaierara iristen gabiltza. Switch-eko jokoko espantsioak Tourren erabilitako zirkuituak hartzen ditu, beraz elkar elikatzeko horri bukaera emango diote.

Bestetik, Nintendoren mugikorretarako tituluek lortutako arrakasta urria dugu. Orain arte zortzi bideojoko handi argitaratu dituzte japoniarrek Android eta iOS gailuetan; horietatik lau eguneratzeari utzi diote, eta orain MK Tourren txanda da.

Izan ere, mugikorretako lanek etekin eskasak ematen dizkiote Nintendori Switcheko jokoekin alderatuta. Kontrara, Activision edo Take-Two bezalako enpresek sekulako irabaziak lortu ohi dituzte gailu mugikorretarako prestatutako jokoekin: askotan, zerga urteko diru sarreren erdia suposatzen dute.

MK Tour Nintendoren bigarren jokorik arrakastatsuena da merkatu honetan: 230 milioi deskargekin, 243 milioi dolar irabazi ditu N handiak. 2022ko urrian ausazko gacha ordainsariak kendu zituzten; horren ondorioz, hilabeteko etekinak erdira murriztu —milioi bat dolarretan— direla kalkulatzen da.

Fire Emblem Heroes da gaur egun Nintendoren mugikorretako izarrik handiena: hilabetero bost milioi dolarreko mozkinak lortzen dituzte estrategia jokoari esker.

Mario Kart Tour 2019an estreinatu zuten. Ohiko lasterketa eroak esku bakarrarekin jokatzea ahalbidetzen du sinplifikatutako mekanikei esker; gainera, benetako munduko hiriak gehitzea izan da mugikorretako jokoaren berritasun nagusietakoa.

Tourren zein MK8 Deluxen DLCei agur esango dietela ikusita, zaleak hurrengo Mario Kart berriari begira jarri dira. Horri lotuta, Tokyo Game Show-aren egunetan Nintendok egin ohi duen Direct aurkezpenaren data iragartzea geratzen da; zuzenekorik egiten badute, noski.