Bi anaien abentura komikoen hasiera
Bereziki gogoko dut Mario & Luigi saga. Mario & Luigi: Partners in Time-k eta Mario & Luigi: Bowser's Inside Story-k nire haurtzaroan harrapatu ninduten, eta izugarri gozatu nituen. Batez ere Nintendo DS-ko bigarren argitalpena, aipatutako Bowser's Inside Storyk, gaur egun nire bideojoko gogokoenetarikoa dena.
Game Boy Advance kontsolaren belaunaldia galdu nuenez (oso gaztea nintzen momentuan), saga honen lehenengo bideojokoa galdu nuen ere, eta nahiz eta ondoren bideojoko hau ezagutu, ez nuen inoiz jolastu. Beno, egia esan, emulatzaile batean hasi nuen, baina mugikorrean izan zen eta ez nuen behar bezala jolastu.
Aukera berria etorri zen 2017an remake bat argitaratu zenean, baina Nintendo Switch-arekin merkatuan, Nintendo 3DS-ra bueltatzeak nagia ematen zuen. Horregatik eskertu nuen Nintendo Switch Online harpidetzan, Game Boy Advance kontsolaren bideojokoen argitalpena. Eta zorionez, sartu zuten bideojoko gutxiren artean, Mario & Luigi: Superstar Saga hau zegoen.
Marioren bideojokoak beti izan dute tonu komiko bat, ez da inoiz hain garrantzitsua izan, baina eratzen den giro atseginarentzako lagungarria da, nahiz eta Bowser-en edo beste bilau baten mehatxua handik egon. Superstar Sagak komedia bideojokoaren ardatz bihurtzen du, zehazki slapstick comedy deitzen duguna. Mario eta Luigi, animaziozko pertsonaia mitikoen antzera edota zinema mutuan gailendu zen komedia bezala, ia etengabe kolpeak jasotzen, egoera absurdotan sartzen eta gehiegizko erreakzioak izango dituzte.
Gure bi heroiak nortasun handiko pertsonaietan bihurtuko dira. Eta hau ez da gertatzen ulertu ezin ditugun elkarrizketengatik (italierarekin antzekotasuna duen hizkuntzan hitz egiten dute?), baizik eta euren mugimendu hain biziengatik. Saltoa adibidez, komunikatzeko tresna gisa erabiltzen dute bi anaiek. Baina ez hori bakarrik, beste pertsonaiak ere karisma handia izango dute, eta nahiz eta asko sekuentzia bakarream edo bitan agertu, presentzia handia dute.
Ez da kasualitatea beraz, Mario, Luigi eta beste pertsonaia mitikoak (Peach, Bowser, Kinopio maisua) bisitatzen duten erreinu berrian, barrearen kontzeptua hain garrantzitsua izatea. Baina agian lehenengo testuinguru apur bat komeni da. Barrengorri erreinuan Jiji sorginak eta bere morroiak Peach printzesaren ahotsa lapurtzen dute eta Baba erreinura bueltatzen dira. Euren helburua izar-babarruna lapurtzea eta printzesaren ahotsarekin izarrari desioak eskatzea da.
Noski, desio hauek ez dute inolako intentzio onik. Hori dela eta, Mario eta Luigi (Bowserren laguntzarekin?) Baba erreinura bidaiatu eta han Jiji sorgina aurkitu eta garaitu beharko dute. Esaten ari nintzen bezala, erreinu honetan barreari etengabeko erreferentziak daude. Izenetan, giroan, pertsonaien nortasunean, lekuen eta pertsonaien istorioan… Barrea garrantzitsua da eta hori da nire ustez bideojokoaren helburuetako bat, jokalariari barrea sortaraztea. Estetika laguntzen du. Pixel art eder eta xehetasun handiarekin. Kolore biziak aurkezten ditu, eta, noski, pertsonaien diseinuak oso bereizgarriak dira.
Super Marioren unibertsoan garatzen den rol joko (RPG) bat izanik, ez dut uste Super Mario RPG eta Paper Mario bezalako bideojokoen existentziak, Mario & Luigi kaltetzen dutenik. Alderantziz, unibertso berri eta propio bat sortzeko kapaza izan da, estilo oso bereizgarri batekin. Hala ere, esan beharra dago Mario & Luigi-k, Super Mario RPGren eta Paper Marioren oinarrizko mekanika batzuk hartzen dituela. Zehazki borrokak planteatzerakoan.
Kritika hau idazten ari naizen momentuan, lehenengo Paper Mario-a hasi berri dut, baina jada ikusi ahal ditut Mario & Luigi bideojokoekin antzekotasun garbiak. RPG klasiko bat txandatan banatzen da, orden zehatz batean pertsonaia bakoitza ekintza bat gauzatzeko ahalmena du. Jokalariak pertsonaia bakoitzeko akzio bat aukeratzen du eta pertsonaiek akzio hori gauzatzen dute.
Paper Mario eta Mario & Luigi bideojokoen kasuan, nahiz eta txandaka banatu, jokalaria interakzio bat gehiago egiteko gai da. Hau eraso normal batekin argi ikusi daiteke. RPG klasiko batean, eraso bat aukeratzen dugu eta pertsonaiak etsaia erasotzen du. Kasu honetan pauso hauek berdinak dira, baina Mariok adibidez, erasotzeko salto bat egitean, jokalariak justu etsaia jo baino lehen botoi egokia sakatzen badu, min estra egingo dio. Eta hala izango da ia ekintza guztiekin.
Beste eraso motekin eta etsaien erasoak saihesterako orduan. Mario & Luigi: Superstar Saga-n, ekintza bakoitza, botoi aproposa, momentu aproposean sakatzeak ezinbesteko garrantzia du. Ez badugu hau egiten, egin dezakegun mina nahiko txikia izango da eta etsaien erasoak egoera larri batean jarriko gaituzte. Are gehiago, etsaiak ez dute erraza jarriko, bakoitza eraso patroi zehatz bat duelako, eta hori gutxi balitz, eraso mota bat baino gehiago izan dezakete.
Eraso bakoitzaren timing-a ondo kalkulatzea beharrezkoa da bideojokoa gainditu nahi baldin badugu. Hala eta guztiz ere, ez kezkatu, ez delako bideojoko zaila. Behintzat orokorrean, agian borroka batzuk erronka bat suposatuko digute.
Borrokekin amaitzeko, aipatu behar da Mariok eta Luigik eraso konbinatuak egin ditzaketela. Eraso hauek ondo egiteko, botoien patroi zehatza ere sakatu beharko dugu, eta min handia egiten dute. Hori bai, “tandem puntuak” beharko dituzte. Etsaien diseinuak ere nahiko adierazgarriak dira, badaude etsai berriak noski, baina beste asko bideojoko klasikoetan zuten diseinua hartu eta buelta bat ematen diote, bideojokoaren tonura eta estilora egokituz.
Min gehiago egiteko une zehatzetan sakatu behar dugu botoia.
Mariok eta Luigik dituzten gaitasunak borroketatik kanpo erabil ditzakegu. Leku ezberdinak esploratzeko eta bide berriak zabaltzeko baliagarriak dira. Istorioan aurrera eginez Mario eta Luigi gaitasun berriak lortzen joango dira, eta, ondorioz, leku berrietara heldu ahalko gara. Leku batzuetara iristeko, eskuragai ditugun gaitasunak nola erabili eta uztartu pentsatu beharko dugu.
Mario eta Luigi protagonistak izanik, biak aldi berean maneia ditzakegu. “A” botoia aurrean doan pertsonaiarentzako esleituta dago eta “B” botoia atzealdean doanarentzako (normalean “A” Mariori esleituta dago eta “B” Luigiri). Bi heroien posizioa aldatu ahalko dugu, hau da, nor doan aurrean eta nor atzean. Horren arabera, ekintza desberdinak gauzatu ahal izango ditugu, “L”-rekin eta “R”-rekin aldatu ahalko ditugunak. Honek ez du borroketan inolako eraginik, hori bai, komeni da etsaiari lehenengo kolpea ematea, horrela abantaila txiki bat izango dugu.
Pertsonaien estatistikak hobetzen duten arropa eta dominak erabili daitezke.
Esan bezala, elementu guztiek tonu komikoa indartzen laguntzen dute. Bereziki aipagarriak dira animazioak. Ez bakarrik garrantzitsuak diren pertsonaiena, bigarren mailako pertsonaia asko eta etsai askoren mugimenduak ere oso landuta daude, bakoitza animazioen bitartez bere nortasuna erakutsiz. Bideojoko honetan adierazkortasunak garrantzia handia hartzen du.
Baina ideiak ez dira bakarrik estetikan geratzen. Mario & Luigi: Superstar Saga-n mekanikak etengabe aldatzen joango dira edo menperatuta ditugun gaitasunak era oso ezberdinetan erabili ahalko ditugu. Ez dugu inoiz monotonia sentituko, RPG askotan ohikoa izaten dena.
Mario & Luigi: Superstar Saga, ia Mario frankiziaren ospakizun bat bezala sentitzen da. Erreferentziaz beteta dago eta beste bideojokoetara jolastu baditugu irribarre asko jarriko dizkigu. Baina beti bere kanon eta unibertso propioa sortuz. Hurrengo Mario & Luigi-ak aurreko bideojokoen erreferentziak dituzte, eta are gehiago, Mario & Luigi: Bowser's Inside Story-ko heroiak ez dira Mario eta Luigi berdinak, baina hori beste istorio bat da.
Mario gustuko baduzue, bideojoko dibertigarriaz gozatu nahi baduzue eta sistema konplexuak dituzten RPGak nagia ematen badizuete, hau da zuen bideojokoa.
Iruzkinak